Auzolana du oinarrian Berriatuko Erroak Loran jaiak. Eta zapatuan ageri-agerian geratu zen hori, beste behin ere.
Goizean goiz hasi zen jai usaina herri osora zabaltzen. Sukaldariak elkartu zirenean. Eguerdian, Aitor Antxustegik erronka egin zuen: Berriatuko hilerrira bizikletan 30 aldiz igo. «Marka ezin hobea egin zuen: ordu bat, lau minutu eta 15 segundo», azaldu dute Goikolauko kideek.
Herritarrak, Erroak Loran jaiko bazkarian.
Ostean Sarats dantza taldeak ikuskizuna eskaini zuen eta jarraian Antxustegiri oroigarria eman zioten, egindako lana eskertuz.
Eliz abesbatzak eman zion herri bazkariari hasiera, Berriatuko ereserkia abestuz.
Goikolau Sariak
Behin bazkaldu eta gero, Jon Aldazabal
Susteta Goikolau elkarteko lehendakariak
Goikolau Sarien banaketari ekin zion.
Aurten, sari preziatua
Berriatuko Txirrindulari Elkarteak jaso du. Herritarraren saria, aldiz,
Ramon Plaza Olasok jaso du.
Txirrindulari elkarteko kideak eta Ramon Plaza (erdian, koadroagaz), saria jaso ostean. Argazkia: Maite Bereikua
Saria emanez, urteetan egindako lana eskertu, bistaratu eta bide horretan jarraitzeko indarra eman nahi izaten dute Goikolauko kideek. «Olaso urte askoan txirrindulari elkarteko lehendakari izan da, udaletxeko langilea ere bai, eta gaur egun Anaitasuna elkarteko lehendakaria da. Beti edozertan laguntzeko prest dagoena».
Txirrindulari elkartearen saria Benjamin Aranzeta txirrindulari elkarteko lehendakariak jaso zuen. Eta bai berak zein Olasok esker oneko berbak eskaini zizkieten han bildutakoei.
Horiek, gainera, ez ziren gutxi. Izan ere, aurten, 300 herritar bildu ditu jaiak; 275 heldu eta 75 ume.
Deialdia
Behin sariak banatuta, Tarine udal musika eskolako irakasle eta ikaslek Herria Kantari saioa eskaini zuten. Eurekin batera, herritarrek ere abestu ahal izan zuten, kantu liburuxkei esker.
Ostean, 2011-2015 legegintzaldian udalean egon zirenek herriko 17 elkarteei oroigarri bana eman zieten.
Herriko 17 elkarteetako ordezkariak, 2011-2015 udal agintaldiko kideek emandako oroigarriekin.
Oroigarria eman eta argazki erraldoia atera ostean, Saioa Lopezek gogora arazi zuen hilaren 16an, 19:00etan, jai batzordeko bilera egingo dela bideo gelan. Eta kuadrilla bakoitzetik ordezkari bat edo bi joateko eskaera egin zuen, «horrelako egunak posible egiteko eta antolakuntzan beti berdinak ez ibiltzeko».
Angel Eizagirreren erromeria hasi zenean espero ez zuten albistea jaso zuten herritarrek:
Asier Aranzeta Zabala Atxilisen heriotza. Goikolau elkarteko kidea eta txirrindulari elkarteko kidea zen Atxilis. Albiste horren harira, jaia nork bere bidetik jarraitu zuen.
Goikolauko kideek herritarrak zoriondu eta eskertu nahi izan dituzte. «Zorionak eta eskerrik asko Erroak Loran eguna antolatzea posible egiten duzuen guztioi».