Herriko sarreran egindako grafitiak hezur-muin emaileak bilatu gura ditu

Ahalik eta jende gehiagorengana iritsi asmoz bururatu zaie grafitia egitea, Bermeoko Udalaren baimenagaz. Kanpainaren baitako beste ekimen bat dela dioteAstelehen arratsaldetik Zure medula=bere bizia irakur daiteke grafiti batean, Mundakatik Bermeorako...

Ahalik eta jende gehiagorengana iritsi asmoz bururatu zaie grafitia egitea, Bermeoko Udalaren baimenagaz. Kanpainaren baitako beste ekimen bat dela diote

Astelehen arratsaldetik Zure medula=bere bizia irakur daiteke grafiti batean, Mundakatik Bermeorako errepidean, herrirako sarreran, hain zuzen ere. Hezur-muina emateko sentsibilizazio kanpaina martxan duen herritar taldearen beste ekimenetako bat da; helburua, ohikoa, hezur-muin emaileak bilatzea.

«Bizitzak salbatzea» dute helburu eta ekinean ari dira, ahalik eta jende gehiagorengana iritsi asmoz. Horregatik, oraingoan, maiatzean abiarazi zuten kanpainaren baitan, grafiti bat egitea erabaki dute. Mari Jose Martinezek azaldutakoaren arabera, «informaziorako eta emaile egiteko hitzordua eskatzeko telefono zenbakia ere jarri gura izan dugu, zuzenak izan beharrak daukagu».

Hasiera batean, grafitia herriko beste sarreran egin gura zutela azaldu dute, zehazki, antzinako Jose Done ikastetxeko horman: «Han baina, skate pista dago eta skateruek kirol elkartekoek erabili gura zuten. Biok erabiltzeko baimena genuen, baina ez genuen gauzak nahastu gura», esan du Martizenek. Hala, beste aukera hori zegoela ikusita, Bermeoko Udalera jo zuten baimena eskatzera, eta baiezkoa eman zioten.

Leku hori, gainera, «aproposagoa» dela uste dute, «gehiago ikusten da eta jende gehiagoren arreta erakarri dezake». Herritar guztiengana iristeaz gain, bisitariengana ere iritsi gura dute, eta horren bitartez, orain, posible izango dutela uste dute, «atentzioa ematen du eta». Astelehenean egin zuten grafitia, eta Martinezen arabera, «askori gustatu zaie ideia». Beste herri batzuetan ere holakoak ere badaudela jakinarazi du. «Honi esker bi emaile lortzen baldin baditugu, ongi etorriak izango dira», dio Martizenek.

Uda aurretik buruan duten ideia zela diote, hala ere, gauzak astiro egin behar direla dio, eta bere denbora behar dute.

Gautegiz Arteagako Mikel Aldekoarai arduratu da grafitia egiteaz, 12 urte daramatza mota horretako lanak egiten. Laguntzeko bada, beti «baiezkoa» ematen duela dio, «lasai marrazteko» aukera ematen dio, besteren artean. Taldeak emandako ideiari forma eman zion, eta gustokoa izan zuten, beraz, «gustora» egin du.

Erraztasunen bila

Hezur-muina emateko erraztasunak bilatzen ere ibili dira, eta odola emateko autobusetan emaile egin ahal izatea eskatzen ibili izan dira, horren aldeko hainbat sinadura ere batu zituzten. Eusko Jaurlaritzara ere idatzi bat egin zuten eta herritarren sinadurak eta eskariak ere bideratu zituzten. Jaurlaritzatik erantzuna izan dutela dio Martinez, hori bai, «barregarrria»: «Emaile egiteko protokoloa zein den bidali digute, eta ezinezkoa dela hori aldatzea». Hala ere, ez dute eutsiko eta ekinean jarraituko dute, «berdin dio zenbat kostatzen zaigun». Oraingoan, hala ere, Gernikako ospitalean emaile egin ahal izatea eskatzen saiatuko direla dio Martinezek.