Lekeitioko EH Bilduk prentsa ohar bitartez elkarrizketak apurtu dituela esan du Lekeitioko EAJ-k
Lekeitioko EAJren udal taldea “harrituta” agertu da EH Bilduk bi alderdien arteko elkarrizketak apurtu izana prentsa ohar bidez jakitera eman duelako. “Atzo [abenduak 3] gauean plazaratutako prentsa oharraren bitartez jakin dugu bi alderdion arteko elkarrizketak apurtu direla; EAJko kideoi ez digute aurretiaz esan”.
EAJk ekainean hartu zuen Lekeitioko Udalaren ardura, hauteskundeetan herritarrek horrela erabakita. “Lekeitioko EAJko kideok gobernu batzordean parte hartzea eskaini genion EH Bilduri. Horrez gain, kultura (sailik garrantzitsuenetarikoa) eta gazteria batzordeen buru jartzea ere proposatu genien”.
Jeltzaleek azaldu dutenez, koalizioko kideek aurrekontuetan kudeaketa osoa izan eta udaleko arlo guztiak gobernatzen jarraitzeko nahia agertu zuten, “herritarren erabakia alde batera utziz”. Azken asteetan, baina, elkarrizketek “buelta eman” dutela gaineratu dute. “EH Bilduko ordezkariek gobernuko udal taldeak egindako proposamena onartu zuten”.
Elkarrizketa horiek, baina, “amaitu gabe” zeudela gaineratu dute jeltzaleek. “Hauteskunde kanpaina hasierako gauean bertan, EH Bilduko Lekeitioko udal taldea, inolako aurretiazko abisurik eman gabe, prentsaren bitartez elkarrizketetatik irtetearen erabakiaren berri eman zuen”. Horregatik, koalizioko udal ordezkari batzuek “etika eta zintzotasun falta izugarria” erakutsi dutela esan dute. “Elkarrizketek iraun duten bitartean, gu lanean ibili gara, gelditu barik, eta horrela jarraituko dugu aurrerantzean ere”. Lekeitioko EAJko ordezkariek agertu dutenez, garai berri bati hasiera eman diote, “ilusioz eta etorkizunera begira”.