EH Bilduk ohar bidez elkarrizketak apurtu dituela esan du EAJk

Lekeitioko EAJren udal taldea «harrituta» agertu da EH Bilduk bi alderdien arteko elkarrizketak apurtu izana prentsa ohar bidez jakitera eman duelako. «Abenduaren 3ko gauean plazaratutako prentsa oharraren bitartez jakin dugu bi alderdion arteko elk...

Lekeitioko EAJren udal taldea «harrituta» agertu da EH Bilduk bi alderdien arteko elkarrizketak apurtu izana prentsa ohar bidez jakitera eman duelako. «Abenduaren 3ko gauean plazaratutako prentsa oharraren bitartez jakin dugu bi alderdion arteko elkarrizketak apurtu direla; aurretiaz EAJko kideoi horren barri eman gabe».

EAJk ekainean hartu zuen Lekeitioko Udalaren ardura, hauteskundeetan herritarrek horrela erabakita. «Lekeitioko EAJko kideok gobernu batzordean parte hartzea eskaini genion EH Bilduri. Horrez gain, kultura, sailik garrantzitsuenetarikoa, eta gazteria batzordeen buru jartzea ere proposatu genien».

Jeltzaleek azaldu dutenez, koalizioko kideek aurrekontuetan kudeaketa osoa izan eta udaleko arlo guztiak gobernatzen jarraitzeko nahia agertu zuten, «herritarren erabakia alde batera utziz». Azken asteetan, baina, elkarrizketek «buelta eman dutela» gaineratu dute. «EH Bilduko ordezkariek gobernuko udal taldeak egindako proposamena onartu zuten».

Amaitu gabe

Elkarrizketa horiek, baina, «amaitu gabe» zeudela gaineratu dute jeltzaleek. «Hauteskunde kanpaina hasierako gauean bertan, EH Bilduko Lekeitioko udal taldea, abisurik eman gabe, prentsaren bitartez elkarrizketetatik irtetearen erabakiaren berri eman zuen». Horregatik, koalizioko udal ordezkari batzuek «etika eta zintzotasun falta izugarria» erakutsi dutela esan dute.

Lekeitioko jeltzaleek azaldu dutenez, elkarrizketek iraun duten bitartean, lanean ibili dira, gelditu barik, eta horrela jarraituko dute aurrerantzean ere.

«Dagoeneko garai berri bati hasiera eman diogu ilusioarekin eta etorkizunera begira» nabarmendu dute Lekeitioko EAJko ordezkariek.