Amankomunazgoan EH Bilduk akordioak beharko dituela dio EAJk
Koalizioak aurkeztu duen lehen proposamena atzera bota behar izan duela jakitera eman dute jeltzaleek. Akordio globalaren alde egiten du EAJk, «amankomunazgoa tresna eraginkorrra izateko»EH Bilduk Lea-Artibai Amankomunazgoan aurkeztu duen lehen propo...
Koalizioak aurkeztu duen lehen proposamena atzera bota behar izan duela jakitera eman dute jeltzaleek. Akordio globalaren alde egiten du EAJk, «amankomunazgoa tresna eraginkorrra izateko»
EH Bilduk Lea-Artibai Amankomunazgoan aurkeztu duen lehen proposamena erretiratu egin behar izan duela dio EAJ-k, «koalizioak gehiengorik ez duelako eta proposamenak onartzeko akordioak beharko dituelako».Azaroaren 17an, Rakel Elu EH Bilduko hautagaia amankomunazgoko lehendakari izendatu eta gero, osoko bilkura egin zuten amankomunazgoa osatzen duten bi alderdiek, EAJk eta EH Bilduk. Horretan, lehendakariaren dedikazioa eta soldata eztabaidatu behar ziren. EH Bilduk proposatu zuen lehendakariak aurreko agintaldikoak baino dedikazio handiagoa izatea, eta soldata ere igotzea. EAJk, ostera, aurreko legealdietako dedikazioaren alde egin zuen, eta horren truke ematen den kuota ere mantentzea proposatu zuen. «Amorotok Amankomunazgoa utzi egingo du eta egoera zer edo zer aldatuko da, baina datozen lau urteetan amankomunazgoak ez du udalerri horren kuotarik jasoko».
EH Bilduk ez zuen gai horren inguruko akordiorik lortzeko gaitasunik. Eta erabakia Gizaburuaga eta Amorotoren esku geratuko zela ikusita, EAJk bozketa atzeratzea proposatu zuen, «guztientzat onuragarria izango zen adostasuna lortzeko».
EAJren proposamena
Abenduaren 1ean elkartu ziren berriro ere lehendakariaren dedikazioa eta soldata eztabaidatzeko. EAJk jakitera eman duenez, EH Bilduko kideek aurretik aurkeztu zuten proposamen bera jarri zuten mahai gainean, «ezer aldatu gabe». Baina proposamena onartzeko beste babes ez zuenez, erretiratu egin behar izan zuen. «Ondorioz, EAJren proposamena onartu zen. Izan ere, Gizaburuagak EAJren proposamenari eman zion botoa».
Jeltzaleek diotenez, EH bilduk akordioak beharko ditu amankomunazgoan proposamenak mahairatzerakoan, «legealdi honetan ez duelako izango amankomunazgoa bere irizpideen arabera gobernatzeko gehiengorik». EAJkoen iritziz, horren adierazle da lehenenengo proposamen horrekin gertatu dena. «EAJk gai garrantzitsuak osoko bilkurak egin baino lehen aztertu ahal izatea defendatzen du; amankomunazgoa osatzen dugun udalentzat onuragarriak izango dira akordioak lortzeko».
Bide beretik, jeltzaleek diote bi alderdien (EAJ eta EH Bildu) eta independenteen arteko akordio globalaren aldeko apustua egin behar dela, «amankomunazgoa eskualdearen beharrizanei erantzun bateratua emateko tresna egokia eta eraginkorra izateko».