Maruri eta Santamaria, Madrilen, 'La viuda alegre' operetagaz
Aktore ondarrutarrak eta gernikarrak parte hartzen duten ikuskizuna hilaren 18an estreinatuko da Madrilgo Teatros del Canalen. Maiatzean Bilbon estreinatu zutenIñaki Maruri aktore ondarrutarrak eta Mitxel Santamaria gernikarrak parte hartzen duten La ...
Aktore ondarrutarrak eta gernikarrak parte hartzen duten ikuskizuna hilaren 18an estreinatuko da Madrilgo Teatros del Canalen. Maiatzean Bilbon estreinatu zuten
Iñaki Maruri aktore ondarrutarrak eta Mitxel Santamaria gernikarrak parte hartzen duten La viuda alegre opereta Madrilgo Teatros del Canalen estreinatuko dute hilaren 18an. Ikuskizuna maiatzaren erdialdera estreinatu zuten Bilbon eta «harrera ona» eduki zuela diote partaideek. Natalia Millan aktore ospetsua buru dela, orain, opereta Espainiako hiruburura ailegatuko da. Madrilen, gainera, Marurik, aktore protagonista baten papera beteko du.
«Bilbon estreinatu zen momentutik genekien gerora ikuskizuna Madrilera eroango zutela», azaldu du Marurik. Dena dela, Madrilen ariko den taldea ez dela Bilbon aritu zen berbera izango gaineratu du. «Aktore batzuek ezin zuten, beraz, aldaketa gutxi batzuk egin dira. Baina ikuskizuna berdina da; pare bat koreografia kenduta, ezer gutxi aldatu da».
Protagonisten artean
Aldaketa horien artean dago ondarrutarrak beteko duen papera ere. Izan ere, koruak egin eta dantzari izatetik protagonista izatera pasatuko da Maruri Madrilen. «Bilboko saioak egin eta gero, aktore protagonista batek ezin zuenez jarraitu, berak antzezten zuen pertsonaia egingo nuen galdetu zidaten. Eta nik baietz esan nuen. Oso pozik nago. Izan ere, Madril erakusleiho ona da». Dena dela, orain, ardura gehiago duela dio. «Aurrerapauso handia da niretzat, baina ardura ere handiagoa da, eta ondorioz, entsegu asko egiten ari naiz».
Datorren asteko barikuan estreinatuko dute opereta Espainiako hiruburuan, eta lehenengo hiru egunetarako sarrera guztiak agortuta daudela aurreratu du aktore ondarrutarrak. «Horrelako ikuskizunek harrera ona izaten dute Madrilen, eta aurreikuspenen arabera, ondo funtzionatuko du».
Aurrera begira
Madrilen urtarrilaren erdialdera arte egongo dira. Eta emanaldiak zein egunetan eta zein ordutan dauden ikusgai daude Teatros del Canalen webgunean (www.teatroscanal.com); sarrerak ere salgai daude.
Behin Madrilgoa amaitzen dutenean, La viuda alegre Iruñeara eroango dute. «Baluarten bi emanaldi eskainiko ditugu, urtarrilaren 22an eta 23an». Eta horregaz, momentuz, amaitu egingo dute. «Litekeena da gerora, beste hiriren batera mugitzea, baina hori aurrerago izango litzateke».
Orokorrean, talde ona osatzen dutela dio ondarrutarrak. «Gogor entsegatzen dugu eta pozik gaude guztiok».
Etenik gabeko entseguetan murgilduta, estreinaldira begira daude orain bertoko artistak.