Mutrikuko Elikagaien Bankuak 1.575 kilo bildu ditu azken kanpainan
Gabonen aurreko janari bilketa ona izan dela esan dute Mutrikuko Elikagaien Bankuko boluntarioek. Guztira, 1575,5 kilo janari eta 645 euro batu dira. Zenbaketa egin ondoren, Elikagai Bankuko kideak poziz agertu dira, eta herritarren erantzuna «ona» i...
Boluntarioek jakitera eman dutenez, bildutako janariarekin eta diruarekin erosiko duten arrainarekin gabon kutxak egingo dituzte, abenduaren 22an banatzeko.
Banaketa bereziak urtean bi aldiz egiten dira Mutrikun, malenetan eta Gabonetan, eta batean zein bestean, «emaitza oso onak» lortzen dituztela diote boluntarioek.
Bederatzi boluntario
Bedaratzi boluntariok osatzen dute Mutrikuko Elikagaien Bankua, eta Europako Bankuak ematen duenarekin eta urtean egiten dituzte bi bilketekin, beharra duten familiek urte osoan poltsatxoa jasotzeko aukera izaten dutela diote. «Ez dira bakarrik etorkinak janari poltsak jasotzen dituztenak. Izan ere, beharrizana duten eta jatorriz bertokoak diren familiek udaleko gizarte langileengana jo behar dute. Eta harek bideratzen du dena. Laguntza guztientzako da».
Baina boluntarioen lana ez da bakarrik urtean bi aldiz egiten diren janari bilketara mugatzen. Izan ere, jasotzen dutena eta Europako Elikagaien Bankutik datorren janari multzoarekin, bildutakoa asko izaten da. «Familia bakoitzari, esaterako, hamabi lenteja pakete, hamabi garbantzu pakete… tokatzen zaio. Baina, nork dauka etxean hori guztia sartzeko lekua? Guk egiten duguna da urte osoan zatikatu. Eta saiatzen gara, hilero, familia horiei poltsatxoa ematen».
Lan ederra egiten dute boluntarioek, eta barrutik ateratzen zaie. «Pozik sentzitzen gara egiten dugunarekin». Bederatzi badira ere, beharrizan egoera daudenek ere laguntzen dietela azaldu nahi izan dute. «Gurenaga etortzen dira eta elikagaiak Bergarako biltegira eroateko prest daudela esaten digute. Orain, Gabonetako bilketan ere, hori gertatu da».