Mutrikuko Udalak jakitera eman duenez, “aspaldian hilerriko zenbait hilobitan kalteak eragin dira”. Horren aurrean, horrelako gertaerak saihesteko, aurrerantzean hilerria ireki eta ixteko ordutegia “zorrotz” beteko dela esan dute udal ordezkariek.
Jose Angel Lizardi alkateak HITZAri adierazi dionez, azkenaldian, kalteen inguruko hainbat kexa jaso dituzte udaletxean. Tartean-tartean hilobietan dauden lorontziak lapurtu dituztenaren inguruko kexak jasotzea ohikoa bihurtu dela dio, baina horrez gain, hilobietan zenbait kalte ere gertatu dira.

Mutrikuko hilerria
Alkateak nabarmendu duenez, hilabete gutxian
hilobi berberean kalte bat baino gehiago egin dituzte. “Duela hilabete batzuk hilobi batean kurutzea lapurtu eta hilarrian ere kalteak izan zirela jakitera eman ziguten. Hasiera batean, bandalokeria zela pentsatu genuen, baina, orain hilabete inguru, beste eraso bat jasan zuen hilobi berberak. Bertako argiontzia okertuta eta kaltetuta agertu zen”.
Bigarren eraso horren aurrean, neurriak lehenbailehen hartzea erabaki dute udal ordezkariek. “Orain arte ordutegi malgua izan da, baina azken gertaera hauek tarteko, neurri berriak hartu behar izan ditugu. Hilerria herritik urruti geratzen da, eta neurri berri honekin espero dugu kalteak gutxitzea”.
Ordutegia
Ordutegi berriari dagokionez, ondokoa izango da: 11:00etan zabaldu eta 18:00etan itxiko dute udaltzainek. Udan, ostera, ordu bat beranduago itxiko da, alegia, 19:00etan.
Dena dela, ordutegi horren barruan, kanposantuko ateak ere itxita egon ahal direla esan dute udal ordezkariek. “Horrek adierazi nahi du udal langileak barruan lanean dabiltzala”.