Aritz Erkiaga, Hiruko Koroaren jabe
Fernando Lejardi Ziortza-Bolibarko puntista bigarren geratu da eta orain, frontoiak uztea erabaki du; Igor Arrasate lekeitiarra bigarren geratu da bakarkako txapelketan, Lejardigaz berdinduta.Aritz Erkiaga Ispasterko puntistak kiniela gehien irabazi (m...
Fernando Lejardi Ziortza-Bolibarko puntista bigarren geratu da eta orain, frontoiak uztea erabaki du; Igor Arrasate lekeitiarra bigarren geratu da bakarkako txapelketan, Lejardigaz berdinduta.
Aritz Erkiaga Ispasterko puntistak kiniela gehien irabazi (most wins), banakako txapela lortu (Singles Champion) eta binakako txapelketan (Doubles Frontcourt Champion) aurrelari onenaren titulua eskuratu ditu azken denboraldian Miamin (Ameriketako Estatu Batuak). Hiru lorpen horiekin, beraz, Hiruko Koroa bere egin du ispastertarrak.Iñaki Osa Goikoetxea izan da orain arte Miamiko Jai Alaiko erregea; haren aurkari gogorrena Erkiaga izan da. Baina puntista zumaiarrak duela urte bat jokatzeari utzi zion, eta orain, ispastertarrak hartu du haren lekua. «Badirudi, orain, Miamin, Erkiagaren aroa hasi dela», diote Jai Alaiko arduradunek.
Emaitza guztiak
Azken denboraldian, Erkiagak 192 kiniela irabazi ditu. Eta bere atzetik, 44 kinielako aldeagaz, Fernando Lejardi Ziortza-Bolibarko puntista geratu da (148 kiniela). Azken horrek, gainera, puntista izateari utzi dio. Hirugarren Ricardo Ruiz Ricky mexikarra geratu da, 145 kiniela irabazita, eta Angel Egea mexikarrak laugarren postua lortu du kinieletan (124 kiniela). Azkenik, bosgarren Joey Cisneros Tijuanako puntista geratu da, 122 garaipenegaz.
Bakarkako txapelketari dagokionez, Erkiaga 16 partida irabazita, lehen postuan geratu da. Ispastertarrarentzat, baina, Igor Arrasate lekeitiarra eta Lejardi «aurkari gogorrak» izan direla jakitera eman dute. «Horiek, txapelketa horretan, 14 garaipen eduki dituzte».
Bikotekako txapelketan ere oso maila ona erakutsi du Erkiagak. «Saio bakoitzean jokatutako kiniela garrantzitsuenetan 19 alditan aurkariak mendean hartu ditu». Txapelketa horretan Lejardi bigarren geratu da, 18 kiniela irabazita. Aitzol Erkiaga Aritz Erkiagaren anaia nagusia, ostera, hirugarren geratu da.
Beste alde batetik, Ricky-k atzelari onenaren titulua lortu du (23 kiniela); Cisnerosek eta Manu Ladutxek bigarren eta hirugarren postuak eskuratu dituzte, hurrenez hurren.
Adituen esanetan, momentu honetan, Erkiaga, «dagoenik eta puntista handiena» da. «Miamin bere jokatzeko era erakusteaz gain, espero dugu ispastertarrak 2016an beste frontoi batzuetan ere jokatu ahal izatea. Eta, bide horretatik, afizioak ere bere jokoagaz gozatu ahal izatea».