Zortzi erregetara jokatu zuten parte hartzaileek, eta horien artean, Bedaronako Izaskun eta Enrike izan ziren 250 euro eta txapela eroan zutenak.
33 bikotek parte hartu zuten txapelketan. Eta sari nagusiaz gain, beste hiru sari ere eman ziren: bigarrenek 125 euro eta ron botila lortu zituzten, hirugarrenek eta laugarrenek, ostera, 75 euro eta txanpan botila eta 50 euro eta ardo botila, hurrenez hurren.
Berriatuko Zentrala tabernako mus txapelketako irabazleak. Argazkia: Zentrala.
Txapelketa zapatuan jokatu zen, 17:00ak aldera. Aurretik, 16:30ak arte, parte hartzaileek izena eman ahal izan zuten; bikote bakoitzak 15 euro ordaindu zituen.
Gehienak ondarrutarrak
“Giro polita egon zen”, azaldu du Zentrala tabernako arduradunak. Parte hartzaileei dagokienez, gehienak ondarrutarrak izan zirela dio. “Ni neu ondarrutarra naizenez, publizitatea ere gehien bat Ondarroan egiten dut. Normalean, ondarrutarrek eta Lea-Artibaiko herri txikietako herritarrek parte hartzen dute txapelketa honetan”.
Iazko txapelketako txapela, esaterako, ondarrutarrek irabazi zuten. Aurten, baina, txapela Busturialdera eroatea lortu dute eatarrek.