Egileak Iñaki Beitia eta Kaiet Bengoetxea ondarrutarrak dira eta ipuinaren izenburua
Irati eta Aitzol Ondarroako portuan da.
Lehen ezkuntzako umeei zuzendutako ipuin bat da Beitiak eta Bengoetxeak egin dutena.
Ipuinaren jatorria ezagutzeko, urteak atzera egin beharra dago. “Prebentziorako programa baten baitan, arrantza portuetan egiten diren jarduera ezberdinak ezagutu eta horietan zeuden lan arriskuak txosten baten nituen. Hori egin nuen bitartean, gauza asko eta asko jakin ahal izan nituen; portu barruan egiten ziren eta nik ezagutzen ez nituen jarduerak ezagutu nituen”, azaldu du Beitiak.
Berak egin zuen lan arriskuen txostena urteetako lana izan zela dio. “Denborarekin, baina, konturatu nintzen, portuan lan egiten ez duten adin batetik beherako herritarrek (ez bakarrik umeak), ez zutela ideiarik ere zeintzuk jarduera egiten diren portu barruan. Eta aurretik jasota neukan materialari forma emanda, hori guztia erakutsi nahi izan dugu”.
Hari narratiboa
Beitiak testuak landu dituen bitartean,
Bengoetxeak ilustrazioak egin ditu. Eta hortik, umeei zuzendutako ipuina sortu dute. “Ipuina kontatzeko hari bat hartu eta portuan egiten diren eskualdaketa guztiak kontatu ditugu”.
‘Irati eta Aitzol Ondarroako portuan’ ipuinaren azala.
Bilbora ikastera joaten den herritar batekin hasten da ipuina. “Ikastera joan eta bertan geratzen da bizitzen. Ezkondu eta seme-alabak edukitzen ditu –Irati eta Aitzol–. Baina protagonistak Ondarroarekin daukan lotura ez du inoiz galdu nahi izan eta ahal duen guztietan seme-alabak Ondarroara eramaten ditu. Ondarroan, gainera, bizitza osoan portuarekin lotura zuzena eduki duten aitona eta amona daude”.
Iñaki Betitia: “Orain umeei zuzendutako ipuina egin badugu ere, aurrera begira, nagusie zuzendutako zer edo zer egitea daukat pentsatuta”
Hariari tira eginez, seme-alabak aitonagaz eta amonagaz portura joaten dira, eta ikusten dutenaren gainean galderak egiten hasten dira.
Modu horretan, seme-alabak, eta eurekin batera irakurleak, portuko jarduera guztiak ezagutzen joaten dira, aitonaren eta amonaren azalpenei esker. Eta azalpen horiek Bengoetxearen ilustrazioetan ere ikusi ahal dira.
Ipuina Ondarroako portuan kokatuta badago ere, agertzen eta kontatzen diren jarduerak beste edozein portutako berak dira. “Azken finean, gure helburua portuko jarduerak erakustea izan da”.
Beitiak azaldu duenez, gainera, Ondarroako portuan lonja berria egiten dutenean, lan egiteko modua aldatu egingo da. “Beraz, horrela, gaur egun dagoen lan egiteko modua ipuin baten jasota ere geratuko da”.
Ipuina, formatu digitalean
Lana formatu digitalean ari dira banatzen egileak. “
Ipuina ez da paperean argitaratuko, horrek kostu handia daukalako. Baina formatu digitalean ari gara banatzen Lea-Artibain dauden lehen hezkuntzako ikastetxeetan”.
Momentuz, ipuina banatu duten ikastetxeetan harrera ona eduki duela dio Beitiak. “
Bitxia eta polita dela esan digute”.
Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari ere helarazi diote lana. “Eta badirudi gustatu zaiela, haiek ere sare sozialen bidez zabaldu dute eta”.
Dena dela, aurrera begira, nagusiei zuzendutako beste zer edo zer ere egingo duela aurreratu du. “Ipuin hau umeei zuzenduta dago, baina bilduta daukadan materiala ikusita, eta portuko jarduerak ezagutzen ez dituzten asko eta asko daudela jakinda, aurrerago nagusientzako beste zerbait prestatuko dut”.
IPUINA IRAKURRI, HEMEN