Saxo jotzaile markina-xemeindarrak jazz emanaldia eskainiko du gaur [otsailak 5],
Arnau Gil jazz konposatzaile kataluniarragaz,
20:00etan,
Uhagon kulturgunean. Martiartuk aurreratu duenez, Markina-Xemeinerako errepertorio berezia aukeratu dute.
Bartzelonan formatu handiko emanaldiak eskaintzen badituzte ere, Markina-Xemeinen bikote formatuan ariko dira Martiartu eta Gil. “Errepertorioan denetariko abestiak eskainiko ditugu. Azken finean, jazzak musika amerikarra, brasildarra eta beste estilo asko biltzen ditu. Guk Bartzelonan eskaintzen ditugun emanaldiekin alderatuta, Markina-Xemeingoa intimoagoa izango da. Dena dela, erritmo biziagoa duten abestiak ere eskainiko ditugu, publikoa ez aspertzeko”.
Haizea Martiartu eta Arnau Gil
Hain zuzen ere, errepertorioa egiteragoan, Markina-Xemeingo
publikoari gustatuko zaiona kontuan izan dutela dio Martiartuk. “Gu publikoari esker bizi gara eta gure musika eskaini nahi badiegu ere, eurekin pentsatu egin behar dugu”.
Gil ere talentu handiko musikaria dela dio. “Orain proiektu handi baten dago murgilduta proiektu horretako konposizio batzuk ere ekarriko ditu Markina-Xemeinera”.
Herrian, ilusioagaz
Martiarturentzat, gainera, bere herrian emanaldi bat eskaintzen duen lehen aldia da. “Ez nago urduri, baina errespetua ematen dit. Azken finean, herritarrei nire
musika gustatzea nahi dut. Horrek ematen dit errespetua”. Denaren gainetik, baina, ilusioa daukala dio. “Ilusio handia egiten dit nire herrian aritzeak”.
24 urte ditu Martiartuk, eta 18 urtegaz joan zen Bartzelonara. “Bartzelonan gustura nago. Han mugimendu kultural handia dago eta eroso nago. Dena dela, aurrera begira, zabalik nago edonora joateko”.