Isuna jarri die eskola publikoetan jantoki zerbitzua ematen zuten 8 enpresari
Lehiaren Euskal Agentziak 18 milioi euroko isuna ezarri die Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban eskola publikoetan jantoki zerbitzua ematen zuten zortzi enpresari. Agentziak frogatu ahal izan duenez, enpresa horiek, gutxienez hamar urtean –2014ra arte–, uko egin zioten lote guztietan lehiatzeari, loteak banatzea bermatzeko. Horrela, hori eginez, enpresek lote bereko eskoletako jantoki zerbitzua eurenganatzen zuten, prezio garestiagoan.
Ondokoak dira zigortutako zortzi enpresak: Auzo Lagun (6.108.446 euroko isuna), Cocina Central Goñi (522.879 euro), Concina Central Magui (775.827 euro), Eurest Colectividades (6.640.713 euro), Eurest Euskadi (135.497 euro), Tamar Las Arenas (1.108.347 euro), Gastronomia Cantabrica (1.626.662 euro), Gastronomia Vasca (1.546.226 euro).
Lehiaren Euskal Agentziak dioenez, enpresa horiek Lehiaren Euskal Legea urratu zuten. Izan ere, lege horrek debekatu egiten du prezioak adostea edota lehia murriztea.
2015-2016 ikasturtean, baina, Eusko Jaurlaritzak aldatu egin du eskola publikoetako jantoki zerbitzua kontratatzeko sistema, Lehiaren Euskal Agentziaren hitzetan, “lehiari atea irekiz”. Euren esanetan, horri esker, aurten 7 milioi euro aurreztu dira eta zerbitzuaren kalitatea okertu barik.