Andoaingo Piano Jaialdian izango dira Berriatuko eta Ondarroako musikariak
XI. Andoaingo Piano Jaialdia egingo da bihar eta etzi [otsailak 20 eta 21], Andoaingo Baster kulturgunean. Eta urtero modura, Lea-Artibaiko hainbat ikaslek parte hartuko dute hitzorduan. Berriatuatik, esaterako, Ekain Alvarez eta Udane Bilbao izango dira bertan; Ondarroatik hamaika ikaslek parte hartuko dutela jakitera eman dute Unanue musika eskolako ordezkariek.
Alvarezek zazpi urte ditu eta estreinako parte hartuko du jaialdian. Atzamarrak “bizi” mugitzen dituela azpimarratu dute Berriatuko Tarine udal musika eskolako ordezkariek. Bilbaok, ostera, 13 urte ditu eta aurretik ere parte hartu izan du jaialdi ospetsuan.
Berriatuko bi ikasleek bihar eskainiko dute saioa: Bilbaok piano bakarlarien B mailan parte hartuko du, 10:30ean. Alvarezek, ostera, piano bakarlarien A mailan parte hartuko du, 13:30ean.
Ondarroako ikasleek, ostera, bihar eta etzi eskainiko dituzte saioak.
Eskualdeko beste zenbait herritako ikasleek ere parte hartuko dute, urtero lez.