Mutrikuko Udalak antolatutako Musika Hilabetea jardunaldien baitan, Lekitto Musika Bandak eta Miren Narbaizak (Napoka Iria) ikuskizuna eskainiko dute
zapatuan, 20:30ean, Mutrikuko Andre Maria Jasokundearen
parrokian. Emanaldirako
sarrerak salgai daude, hiru eurotan, turismo bulegoan.
Berezia izango da zapatuko emanaldia bandako kideentzat. Izan ere, aurten, Lekitto Musika Bandak 150 urte betetzen ditu. «Lekitto Musika Banda kimu berriz jantzitako zuhaitz zahar baten antzekoa da; lehengo adarretatik jaiotzen dira kimu berriak», diote ordezkariek.
Esperientzia horrekin guztiarekin, eta Narbaizaren talentuarekin, zapatuan, Mutrikun, emanaldi ikusgarria eskainiko dute: Euskal KantaBand.
Kantu ezagunak
“Ikuskizun hori Lekitto Musika Banda eta Miren Narbaizaren artean sortutakoa da. Bertan, euskal kanta ezagunetariko batzuk entzuteko aukera izango da; euskaldunen memorian ondo gordetako kantak dira:
Txoriak txori,
Xalbadorren heriotzean,
Euskal Herrian euskaraz eta
Lau teilatu“.
Lekitto Musika Banda eta Miren Narbaiza, Euskal KantaBand ikuskizunean. Argazkia: Lekitto Musika Banda.
Kantu horiek, gainera,
Jabier Ituartek,
Xabier Zabalak eta
Juan Carlos Perezek moldatu dituzte.
Narbaizak ikuskizunari egiten dion ekarpena ere aipatzekoa dela diote. «Bere kantatzeko modu bereziari esker lortu zuen Lekitto Musika Bandaren arreta». Horrez gain, bandarekin kantatzeko berak erakutsitako gogoak ere ikuskizunaren arrakastan eragin dutela diote. “Kantu bat mila bider abestu dudanean, desberdin egiten hasten naiz”, dio Narbaizak.
Bandaren eta Narbaizaren arteko harremana batasunean oinarritzen bada ere, askatasunez betetakoa dela gaineratu dute.
Zuzendaria, Urtzi Iriondo
Eta beste behin ere, ikuskizunaren zuzendari izango da Urtzi Iriondo.
2006an hartu zuen Iriondok Lekitto Musika Bandaren zuzendaritza. Eta bandari “indar eta haize berria” eman dizkiola diote. Eta hain justu, azken urteetako ikuskizunak berritze horren ondorio direla diote.
Izan ere, Euskal KantaBand ikuskizuna, 2014an ziklo bati amaiera eman zion emanaldia izan zen: Bertso Band (2010), TtakunBand (2011), Delirium T.Band (2012) eta DantzaBand (2013).
Beraz, osagarri horiekin guztiekin, herritarrek bestelako emanaldiaz gozatu ahalko dute zapatu iluntzean Mutrikuko parrokian.