Denaren gainetik, Athletic eta rock zalea bezala definitzen da. Eta bere zaletasunak lantokian ere bista-bistan ditu. Ohiko ile apaindegietako apaingarrietatik ihesi,
Jesus Mari Laka Odiaga Markina-Xemeingo Ule-Motx gizonezkoen ile apaindegiko arduradunak oroitzapenez beteta ditu lantokiko hormak.
Futbolarekiko zaletasuna aitagandik datorkiola dio. “Aitak sartu zidan”. Baina futbolaria izateko ametsik ez duela inoiz eduki dio. “Txikitatik argi zegoen ni ez nitzela futbolaria izango”.
Hain den zalea ze, bizitzako gauza garrantzitsuenak eta gero talde zuri-gorria jartzen duela zerrendan. Eta Athleticeko nagusien taldeak Bilbon jokatzen duen bakoitzean autobusa antolatzen du, bere lagun bategaz
Athletickeko urteurreneko tatuajea dauka lepoan.
Musika ere bai
Horrez gain, rocka ere gustuko du markina-xemeindarrak, eta hori ere bistakoa da bere negozioan. “Iazko maiatzean zabaldu nuen ile apaindegia eta ez nuen nahi modeloen posterrekin eta abarrekin apaindu. Nire zaletasunak zirenak jartzea pentsatu nuen”.
Gaur egun, beraz, ile apaindegia museo bat bezala dauka. “Lezamara joan eta jokalariekin ateratako argazkiak, rock taldeen kontzertuetako irudiak eta beste hainbat ditut”.
Rock taldeen kontzertuetako argazkiak, baina, ez dira edonongoak. “Koadroetan dauden argazkiak nik neuk ataratakoak ez badira ere, nik zuzenean ikusi ditudan kontzertuak dira”.
Jesus Maria Laka, bere ile apaindegian, koadroz inguratuta.
MCD, Gatibu, Barricada, ACDC, Doctor Deseo… dira koadro horietan agertzen diren talde batzuk. “Athleticeko argazkiz inguratuta dauden kontzertuetako irudiak, baina, ez daude edozergatik (MCD, Gatibu, Doctor Deseo eta ACDC). Azken finaletan kontzertua eskaini duten taldeak dira. Eta ACDCren kasuan, San Mames zaharrean jo zuelako”.
Zaletasunak zaletasun, Realaren zaleak ere ile apaindegian ongietorriak direla dio. «Ez naiz Realaren aurkakoa. Talde guztietako jarraitzaileak errespetatzen ditut».