LOMCEren aurka mobilizatuko dira eguenean Lekeitioko ikasleak
LOMCEren aurka egiteko, giza katea, argazki erraldoia eta elkarretaratzea egingo dituzte eguenean [apirilak 14] Lekeitioko ikasleek. Eta “euskal hezkuntza propio eta duin baten alde” egiteko antolatutako ekintzetan parte hartzeko deia egin nahi izan diete herriko ikasle, irakasle, guraso eta gainerako herritarrei.
“Aurtengo ikasturtean LOMCE legea gure ikastetxeetan sartuta dago. Eta nahiz eta Eusko Jaurlaritzaren Heziberri proiektuak lege horren atal batzuk zalantzan jarri edota legea bera ere kolokan jarri, Lekeitioko ikasleok ez gaude prest etengabe inposatutako lege arrotzak jasateko”. Horren aurrean, mobilizazitzen jarraituko dutela diote ikasleek.
Eguenean, beraz, giza katea izango da egingo duten lehen ekintza, 11:00etan. Ekintza hori R.M. Azkue ikastolaren eta Lekeitio BHIren parte hartzearekin egingo dela aurreratu dute. Ostean argazki erraldoia aterako dute parte hartzaileek, ikastolako jolastokian. Azkenik, 19:30ean, herri osoari begirako elkarretaratzea egingo dute Eskolapean.