Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren Udaberriko Faseko lehenengo saioa jokatu zen domekan, Berrizen. Horretan, Lea-Artibaiko bi bertsolarik parte hartu zuten: Lander Ibarluzea Bikandi
Aitxulua (Etxebarria) eta Iñaki Lersundi Arrizabalaga (Ondarroa). Agurra botatzerakoan, Lersundik, Ondarroan azkenaldian gertatutako ezbeharrak (
Kamiñaldeko lur jausia,
lan istripuak eta
gazte baten heriotza) aipatu zituen.
Lehenengo saioan, Berrizko kultur etxeko aretoa “bete-bete” egin zela jakitera eman du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. “Aulki bat bera ere ez da hutsik geratu”.
Ibarluzea eta Lersundi, Berrizen.
Puntuazioa. Saioa Peru Vidal Gurrutxaga Uribe Kostako bertsolariak irabazi zuen. Vidalek 178,25 puntu lortu zituen. Aitor bizkarra eta Beñat Romero bigarren eta hirugarren geratu ziren, hurrenez hurren, 176,75 eta 163 puntugaz. Aitxulua laugarren geratu zen, 159,5 puntugaz. Mikel Galarza Hego Uribeko bertsolaria eta Lersundi ondarrutarra bosgarren eta seigarren geratu ziren, 146,25 eta 130 puntugaz.
Hurrengo saioa apirilaren 17an [domeka] jokatuko da, 18:00etan, Bermeoko Kafe Antzokian.
[BIDEOA] Lersundiren agurra, Ondarroari eskainia:
Doinua: Larogeita hamar urte
Martxoan gure herrian
gertakariak ugari
hogeitalau urterekin
agur hile gorriari
Alberto Badiola ta
Jabi Elun sendieri
doluminik beroenak
haien hutsa da nabari (bis)
500 besarkada/musu
San Inazio auzoari
herritar kaltetu baten
ahotik nabil kantari
Mila esker denagatik
udaleko taldeari
ez daukat hitzik
txaloak Ondarruko herriari (bis)