Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak eta Lekeitioko Udalak elkarlanean Bizkaiko Dantzari Eguna 2016 antolatuko dute, maiatzaren 15ean, Lekeition.
11:00etan hasi eta 20:00ak arte luzatuko den jai handiak, Bizkaiko
3.000 dantzari bilduko ditu.
Milaka lagun hurbilduko dira egun horretan Lekeitiora, eta beraz, Lekeitioko Udalak
neurri bereziak hartuko dituela jakitera eman du. «Gerturatuko diren dantzarien eszenatokiak herriko plaza eta portuaren zati bat izango dira. Portutik kotxeak kenduko dira eta asteburuan auto trafikoari itxita egongo da».
Dantzariak, 2008an Markina-Xemeinen ospatu zen Bizkaiko Dantzari Egunean. Argazkia: Txebi Arriaga
Bestalde, Bizkaiko Dantzari egunean parte hartuko duten dantzarien
autobusak, Arropaingo aparkalekuan, eskoletako jolastokian eta osasun etxe aurreko aparkalekuetan sartuko direnez, aparkaleku hauek maiatzaren 12tik aurrera hutsitu egin beharko direla azpimarratu du udalak.
«Herrira 130 autobus etorriko direla aurreikusten da. Hori horrela, neurri bereziak hartuko dira. Ertzainak, Udaltzainak eta Dantzari Biltzarrak jarritako boluntario taldea elkarlanean arituko dira, egun hau normaltasunez igarotzeko».
Nahiz eta egun horretan hurreratuko den jende kopurua dela eta, eragozpenak eta trafiko arazoak sortuko diren, Dantzari Egunak herriari
onurak ekarriko dizkiolakoan dago udala. «Gure kulturaz disfrutzeaz gain, herriko ekonomia bultzatuko da eta».
Erakusketa
Bizkaiko Dantzari Egunaren harira,
beste ekintza batzuk ere egingo dira Lekeition. Euren artean, gaur hasi eta maiatzaren 15era arte Barandiaran aretoan egongo den
Janzkera Bizkaiko Dantzetan izeneko
erakusketa. Horretaz gainera, maiatzaren 7an,
Erroak izeneko
dantza ikuskizuna egongo da frontoian 21:30etan.
Bizkaiko dantzen janzkeren gaineko erakusketa ikusgai egongo da aste egunetan 19:00etatik 21:00etara, eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara.