Uztailaren 12tik 21era egingo da aurten Karkabia kultur elkarteak antolatzen duen Udaleku Ibiltaria. Eta
maiatzaren 31ra arte, herritarrek izena emateko aukera daukate. Horretarako, interesatuek Iturriotzen, R.M. Azkue Ikastolan edo kultur etxean izena eman beharko dute. Udalekuen kuota
120 eurokoa dela jakitera eman dute Karkabiako ordezkariek.
Ibilbidea. Erronkari herritik abiatuko da aurten Udaleku Ibiltaria. “Erronkari herritik Orreagarako ibilbidea egingo dugu. Tartean, besteak beste, Izaba, Uztarrotzei eta Otxagabitik igaroko gara”. Elkarteko kideek Iratiko Oihanean egingo dituzten txangoak azpimarratu nahi izan dituzte. “Bi egunetan bertako aterpetxean lo egingo dugu, eta naturarekin kontaktu zuzena edukiko dugu”. Orbaitzetara heldu eta gero, handik Orreagara egingo dute ibiltariek, eta han amaituko dute ibilbidea.
Karkabiak antolatutako iazko Udaleku Ibiltarian parte hartu zuten herritarrak.
Aurten zazpigarren urtez egingo du Karkabiak Udaleku Ibiltaria. Ekintzak ondoko helburuak ditu: Lekeitioko gazte eta nerabeen arteko harremanak sendotu, sormena askatu, ondo pasatzeko modu berriak esperimentatu, naturarekiko eta taldekideekiko errespetuan oinarritutako taldean bizi eta gozatu, eta norbere nahietatik hasita, guztien artean ekimen bat eraiki.
Halaber, udaberrian egindako lanketaz gain, uztailera bitartean antolaketan murgilduta jarraituko dutela diote. “Guztion artean uztaileko abenturari forma emateko, hemendik aurrera ere irudimena astintzen jarraituko dugu”. Beraz, behin parte hartuko dutenen zerrenda eskuetan dutela,
udalekua antolatzeko hitzorduak ipiniko dituztela diote.
Prezioari dagokionez, gainerako udalekuekin alderatuta
“merkea” dela diote. “Guk eta geuretzako eraikitzen dugun ekimena izatea nahi dogu Udaleku Ibiltaria, eta bide horretan, ikusten dugu dirutan ordainbu beharrekoa ezin dela izan oztopo bat Karkabiako ekimen honetan parte hartzeko; gure aisialdia aurrera eramateko bitartekoak ere modu kolektiboan sortzeko ateak eta burua zabalik ditugu”.