Hartu Trena ekimenak Ondarroa osora zabalduko ditu aldarrikapenak
Martxoaren 8an bertan behera geratu eta gero, Hartu Trena! euskal preso eta iheslarien giza eskubideen aldeko ekimen herrikoia berritasunekin egingo da domekan [maiatzak 8] Ondarroan. Hain zuzen ere, trena martxan ipini aurretik, mendizaleek Tontorramendira joan-etorria egingo dute.
Mendi irteeran parte hartuko dutenak 09:00etan batuko dira Alamedan, eta joan-etorria egin ostean, Zaldupeko zubitik abiatuko den trenaren hasieragaz bat egingo dute.
Trenaren kalejira hori 12:00etan hasiko da bidean aurrera egiten, eta Itsasaurreko plazara ailegatu bitartean, hainbat geldiune egingo dituzte. Geldiune bakoitzean eskubide urraketa bat salatuko dute: «irakaskuntza eskubidea, iheslariei jazarpenak, salbuespen legediaren amaiera, amatasun-aitatasun eskubidea, sakabanaketa…»
Geldiune bereziena Kofradia Zaharraren parean egingo dena izango dela aurreratu dute: larriki gaixorik dauden presoak etxeratzeko geldiunea egiteaz batera, Ibon Iparragirre ondarrutarra etxeratzeko aldarrikatuko dute.
Eskubideen urraketen amaiera irudikatuz, kalejira Itsasaurren amaituko da, 13:30ak inguruan. Han «ekitaldi xume bat» egingo dela azaldu dute.