Lekeitioko Udalak kalatxorien populazioa kontrolatzeko kanpaina hasiko du
Maiatzetik uztailera kalatxorien populazioa kontrolatzeko kanpaina izango du abian Lekeitioko Udalak. Kanpaina horren bitartez, habiak non dauden aurkitu eta arraultzak kendu egiten dira kalatxori kopurua kontrolatu ahal izateko.
Udalak jakitera eman duenez, sasoi horretan, maiatzetik uztailera bitartean, jartzen dituzte arraultzak kalatxoriek. “Bi aldiz jartzen dituzte arraultzak eta bi aldiz kendu behar izaten dira, batzutan hiru ere bai”.
Lan hori egiteko, Lekeitioko Udalak enpresa bat kontratatu du eta nahiz eta, gutxi gorabehera, habien zentso bat egon, herritarren laguntza ezinbestekoa dela azaldu dute habiak lokalizatzeko. Beraz, etxeko teilatuan edo auzoko teilatuetan habiak daudelaren susmoa daukaten herritarrei, udaletxean hauen berri emateko eskaera luzatzen die Lekeitioko Udalak.
Jakinarazpena udaletxera bertara etorrita edota udala@lekeitio.eus helbide elektronikora mezu bat idatziz egin dezakete.
Kanpaina honetan, aurten, 4.456 euro inbertituko dituzte.