Lekeitioko EAJk
katastroaren berrikuspena eta
OHZ-ren foru arauaren proiektuari buruzko mozioari ezezkoa eman izana salatu du EH Bilduk. Joan den asteko osoko bilkuran bozkatu zuen mozioa Lekeitioko udalbatzak eta EH Bilduk aurkeztutako eskaerari ezetz esan zioten jeltzaleek.
“Gai hori Lekeitioko Udalari ez dagokiola eta batzar nagusietan bozkatzen dela izan ziren mozioari ezekoa emateko arrazoiak”, azaldu dute EH Bilduko ordezkariek. Baina, EH Bilduko ordezkarien ustez, nahiz eta udalak konpetentzirik ez izan, udalbatzak badauka
zeresana herritarrei eragiten dieten gaietan. “Hori dela eta, Bizkaiko Batzar Nagusiei eta Bizkaiko Foru Aldundiari katastroaren berrikuspenean eta ondasun higiezinen gaineko zergaren foru arauaren proiektuan
aldaketak egiteko eskatzea proposatu diegu Bizkai osoko udalbatzei”.
Lekeitioko San Andres.
Mozioa atzera botatzeko, gainera, alkateak
kalitatezko botoa erabili zuela salatu dute.”Argudioak ez dira pisuzkoak. Beste herri batzuetan EAJ abstenitu egin da eta onartu egin dira mozioak”.
Lekeitioko EH Bilduk azaldu duenez, Udalak bere eskumenen barruan mekanismo batzuk ematea eskatzen diete Bizkaiko bi erakundeei mozioaren bidez.
“Mozioak onartuta, besteak beste, ohiko etxebizitzak ez diren higiezinei %150erainoko gainkarga ezartzea edo baliabide ekonomikoen ezaren bat-bateko egoeran aurkitzen diren jabeek Ondasun Higiezinen gaineko zerga-kuota osoaren %95erainoko hobaria eskatu ahal izatea aplikatu ditzake udalak”.
Ezuztekoa izan da EH Bildurentzat EAJren erabakia. “Agintaldi honetan mozio guztiak onartu dira eta oraingoan atzera botatzeko kalitatezko botoa erabili dute”.