Lau txirrindulariren arteko esprintean amaitu zen atzo [ekainak 5], Markina-Xemeingo 26. Sabin Foruria Memoriala.
Iker Azkarate (Caja Rural-Seguros RGA),
Isaac Canton (Infisport),
David Civera (Aldro Team) eta
Pascual Eusebio (Mutua Levante-Renault Gin) lehia bizian sartu ziren Aldaola kaleko helmugara. Podiumaren goreneko postua, baina, Caja Rural taldeko txirrindulariarentzat izan zen.

Iker Azkarate helmugan, eskuak altxatuta.
Lasterketa hasieratik egon ziren ihes egiteko ahaleginak. Baina, azkenengo bueltara arte ez zen ihesaldirik gauzatu. Helmugarako
15 kilometroĀ inguru falta zirela ihes egin zuten lau txirrindulariek. Segundo gutxiko aldeagaz ibili ziren tropelaren aurrean, eta horrela amaitu zuten lasterketa ere. 25 segundoko tarte txikiagaz pasatu zen helmugako pankartaren azpitik euren gainean zetorren 25 bat laguneko taldea.
Bakarka ailegatu ziren txirrindulari gutxi batzuez gain, beste hiru taldetan heldu ziren helmugara beste txirrindulari guztiak.
Maila handia
162 txirrindularik parte hartu zuten atzo, Markina-Xemeinen lehiatu zen Lehendakari Txapelketako lasterketan, eta urtero modura, gazteen artean maila handia dagoela agerian utzi zuten. Lea-Artibai zeharkatzen zuen 103 kilometroko ibilbidea
40, 13 kilometro orduko abiaduran egin zuten txirrindulariek. 70 txirrindularik amaitu zuten proba, errepidean dena eman ondoren.

Itsaso Foruria, Sabin Foruriaren loba, Isaac Canton, Iker Azkarate, eta David Civera, lehen hiru txirrindulariak eta Amets Txurruka txirrindularia.
Eskualdeko lehenengoarentzako saria Munitibarko
Oskar Malatsetxebarriak eraman zuen. Lasterketa bikaina egin zuen Baque Campos Team taldean ari den txirrindulari gazteak. Lehen talde handian heldu zen helmugara Malatsetxebarria, 11. postua lortuz.
Lehen talde handi horretan helmugaratu zen bai eta
Txomin Juaristi markina-xemeindarra ere. Bere taldekideak bezala, lasterketa bikaina egin zuen Juaristik ere, eta 17. postuan gelditu zen.

Lehen hiru txirrindulariak, Oskar Malatsetxebarria eskualdeko lehen txirrindularia eta Aldro Team lehen taldea.
Gaizka Sotil Fundacion Euskadi taldean dagoen Etxebarriko txirrindularia ere talde horretan ibili zen azkenera arte, baina laguntza lanetan jardun behar izan zuen, eta azkenean, irabazlearengandik minutu batera heldu zen, bera bakarrik. Sotilek 32. postua lortu zuen.
Euskal Herriko afizionatu mailako talderik onenak batu ziren atzo arratsaldean Markina-Xemeinen, bai eta beste batzuen artean Lleida (Katalunia), Kantabria eta Oviedotik (Asturias) etorritakoak ere. Guztien artean lehenengoa Kantabriako
Aldro Team izan zen. David Etxebarria taldeko arduradunagaz atera zen taldea jende aurrera, saria hartzera.