Eguaztenean [ekainak 8] Gernika-Lumoko epaitegian deklaratu beharko du Tetxu Meabe lekeitiarrak. Kabi-ren heriotzaren urtemuga ekitaldiaren harira deklaratzera deitu du Espainiako Auzitegi Nazionalak eta bideokonferentzia bidez egingo du. 10:00etan dauka hitzordua eta lekeitiarrari elkartasuna erakusteko asmoz, elkarretaratzea deitu dute Meaberen lagun eta herrikideek 09:30ean Gernika-Lumoko epaitegi aurrean.
Tetxu Meabe lekeitiarrari babesa erakusteko Lekeitioko Eskolapean egindako elkarretaratzea.
Joan den zapatuan [ekainak 4] ere, elkarretaratzea egin zuten Tetxu Meaberen herrikideek Eskolapean.
Oroimena ez dela delitua aldarrikatu eta euren babesa erakutsi nahi izan zizkioten Meaberi. Eskolapean batuta egon ostean, gizakatea egin zuten Independentzia plazaraino eta Tetxu Meaberen egoeraren berri eman zuten bertan.
Tetxu Meaberen herrikide eta lagunak giza katean, Independentzia Plazarantz.
Oraingoz auzipetuko duten eta epaiketa politikorik izango den ez dakiten arren, deklaratzera deitzea bera jazarpen politikaren kapitulo bat dela salatu dute Tetxu Meaberen lagun eta herrikideek, eta jazarpen eta epaiketa politiko guztiekin amaitu behar dela azpimarratu dute.