Markina-Xemeingo frontoi txikia bete egin zen atzo [ekainak 12] goizean,
Markinako 39. esku pilota Txapelketako finalak ikusteko. Denetara sei mailatako zazpi partida jokatu ziren 10:00etan hasita eta 13:30ak pasatuta amaitu ziren norgehiagokak.

Markinako 39. esku pilota txapelketako nagusien mailako partida.
Lehia borrokatuak egon ziren atzokoan bai txikien mailan bai eta nagusietan ere. Azken egunera arte ailegatuta garaipenak ihes egiterik ez zuten nahi izan bikoteek, baina garaipena alde batera edo bestera joan behar dela eta, erabakita geratu ziren aurtengo txapeldunak. Sariak banatzen hasi aurretik, baina, otzararen zozketa egin zuten eta
117 zenbakia izan zen irabazlea (Ordezkoa 1343). Saria duen txartelaren jabeak hilabeteko epea izango du otzara jasotzeko.
Maila onean
Txikien mailako bi partida jokatu ziren atzo. Izan ere, aurten gaztetxo asko animatu dira esku pilotan jokatzera, eta txapelketarako bi taldetan banatu dituzte Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko arduradunek.
Urbieta eta Sololuze eta
Etxebarria eta Leordean-en arteko partida 13 eta 18 irabazi zuten bigarrenek;
Mallagarai eta Gabikagogeaskoa eta Albizu eta Arrazuaren arteko norgehiagokan berriz, lehenak izan ziren garaileak tanto bakarreko aldearekin; 18 eta 17 geratu zen markagailua.
Haurren mailan
Ibarzabal eta Maguregi nagusi izan ziren Galdos eta Landaluzeri 18 eta 3 irabazita, eta umetxoetan
Calvok eta Idigorasek eraman zituzten txapelak Alvarez eta Egurrolari hamar tantoko aldeagaz irabazi ondoren.
Ume, gazte eta nagusien mailetan, ostera, estuago egon ziren partidak.
Ibarlozak eta Urrutiak 22 eta 19 irabazi zieten Etxebarria eta Egurrolari partida dotore baten ondoren eta gazte mailan
Onagoitia eta Malaxetxebarriarentzako izan zen garaipena Bereikua eta Gisasolari 22 eta 17 irabazita.

Markinako 39. esku pilota txapelketako finalistak eta antolatzaileak txapelketaren amaieran.
Gazteen emaitza bera errepikatu zen nagusien mailan ere. Txapelketako azken partidako irabazleak
Arrizabalaga eta Arrasate izan ziren eta Zubikaraik eta Kastillok eraman zuten azpitxapeldunen oroigarria.
Herriartekoan garaile
Urizarren ordez jokatu zuen Kastillok atzoko finalean. Izan ere, zapatuan [ekainak 11] beste hitzordu garrantzitsu bat eduki zuen Markina-Xemeingo taldeak, eta eskuak minduta amaitu zuen partida Urizarrek.
Zapatu arratsaldean Zornotzaren aurka jokatu zuten
Herriarteko Txapelketan dena eman zuten pilotariek. Kadeteen eta gazteen mailetan Markina-Xemeingo taldea izan zen irabazlea, nagusietan, berriz, Zornotza. 2 eta 1 eko emaitza horregaz joango dira asteburu honetan Zornotzara jokatzera, eta itzuliko partida ere irabaziz gero, finalean egongo da, beste behin ere, Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldea.
Finala, ekainaren 25ean jokatuko da Arrigorriagan.