Denboraldi-aurreari amaiera emateko azken estropada jokatu zen domekan [ekainak 12] Lekeition. Emakumezkoetan Hibaika izan zen VI. Ikurrinaren irabazlea eta gizonezkoetan, berriz, Hondarribiak eraman zuen 38. Ikurrina.
Emakumezkoen estropadan bost traineruk parte hartu zuten, eta horietan azkarrena, Hibaika izan zen. Errenteria-Oreretako taldeak nagusitasun osoz irabazi zuen estropada; horretarako, 10:48,92 behar izan zuen. Arraun Lagunak taldea sailkatu zen bigarren, 32,80 segundora. Podiuma Getaria-Zarautz taldeak osatu zuen, 37,83 segundora.

Hibaika, Lekeitioko banderagaz. Argazkia: Errenteriako Hitza
Gizonezkoetan, aldiz, 25 traineruk parte hartu zuten norgehiagokan. Hondarribiako Ama Guadalupekoak egin zuen denborarik onena, eta estropada amaitzeko 19.46:23 behar izan zuten. Orio, 11,80 segundora, izan zen bigarren sailkatua, eta San Juanek hirugarren amaitu zuen; estropada amaitzeko Hondarribiak baino 17,18 segundo gehiago behar izan zituen. Eskualdeko ordezkariek dagokienez, Isuntzak laugarren amaitu zuen, eta Ondarroak, ostera, zortzigarren.

Zapatu eguerdian Isuntzak udaletxe aurreko eskaileretan egindako aurkezpena
Arrauneko denboraldia datorren asteburuan hasiko da, eta horren harira, eskualdeko taldeek aurkezpenak egin zituzten zapatuan [ekainak 11], Ondarroan eta Lekeition. TKE1 liga zapatuan [ekainak 18] hasiko da Bilbon, eta San Miguel ligako lehen jardunaldia domekan [ekainak 19] jokatuko da Sevillan.

Ondarroako Arraun Taldearen aurkezpena. Argazkia: Ondarroa Arraun Taldea