Lekeitioko Udalak VI. Balkoi Lehiaketa jarri du martxan
Kitto Merkatari Elkartearen laguntzagaz VI. Balkoi lehiaketa berreskuratu du Lekeitioko Udalak. Azken lehiaketa 2010. urtean egin zen eta berriro ere martxan jartzea erabaki dute.
Herriko etxeen edertasuna bistaratzea du helburu lehiaketak. “Herri polit baten bizi garela azaldu eta hala mantentzen dugula erakustsi nahi dugu eta bestalde, herritarrek kontuan hartu dezaten gure herria guk egiten dugula ederra; adibidez, etxeko fatxada eta balkoiak zainduz”.

Lekeitioko IV. balkoi eta fatxada lehiaketako 1. balkoi saritua Paskual Abaroa kaleko 26, 2. eskumak lortu zuen.
Kitto merkatari elkarteko Amalur eta Lourdes loradendak osatuko dute epaimahaia, eta balkoirik onenak 200 euroko saria izango du herriko komertzioetan gastatzeko.
Parte hartzeko ez da izenik eman beharko, epaileak kalerik kale ibiliko dira balkoiak ikusten uztailaren 7ra arte. “Balkoi osoaren itxura, lorea, lorontzien egoera (pintatua, txukun, tamaina eta itxura ederrekoak…) hartuko dira kontuan”, aurreratu dute.