Sorgin Gaba prestatzeko hitzordua ipini dute Ziortza-Bolibarren
Aranbaltz kultur elkarteak urtero antolatzen duen Sorgin Gaba prestatzeko hitzordua jarri dute elkarteko kideek ekainaren 17an. 19:00etan herri apainketaren inguruko bilera egingo dute, eta 20:00etan Sorgin Dantzaren entsegua.
Beste behin ere, herritarrei zertaz mozorrotuko diren esateko eskaera egin diete Aranbaltzeko kideek. Sorgin, jentil, galtzagorri, lamia, nekazari edota bestelako mozorroak daude aukeran. Eta jaian pertsonaia guztiak egoteko, mozorroak zehaztea nahi dute. “Horrela aurreikuspena egin ahal dugu”. Halaber, jaian parte hartuko dutenek ekarpena nola egingo duten ere zehaztea eskatu dute: josten, ideiak ematen, abesten, dantzan, apainketan…
Guzti horren berri emateko, elkarteak Whatsapp bidez mezu bat botatzeko edota telefonoz deitzeko eskatu du (627 85 88 84). Dena dela, elkarteko kideren bati ere esan ahal zaiola gaineratu dute.
Bide beretik, Sorgin Gaba posible egiten duten herritar guztiei esker ona adierazi nahi izan die elkarteak.