Lea-Artibaiko hamairu enpresa berri ezagutzeko aukera egon da, gaur goizean [ekainak 18] Lekeition ospatu den
eskualdeko Enpresa Berrien IV. Azokan. Lehen pausuak ematen hasiak batzuk eta urte gutxi batzuk daramatenak elkartu ditu Lea-Artibai Garapen Agentziak eta Azaro Fundazioak antolatutako Ekintzailearen Egunak, Eskolapean.
Euripean, baina euren lana ezagutzera emateko gogoz egon dira Lea-Artibaiko hamairu enpresak. Mari Carmen Moreno markina-xemeindarrak esate baterako
Iku izeneko argazki estudioa zabaldu du Berrikuntza Gunean. Martxoan hasi zen abian eta ohiko eskaintzagaz gain –argazkiak errebelatu, handitu…– saio bereziak eskaintzen dituela azaldu du. “Oparitu ere egin ahal direnak”.

Mari Carmen Moreno Iku Argazki Estudiokoa.
Bere ondoan eduki ditu azokan
Garaipen Ugarteburu etxerik etxe podologia zerbitzue emango duen lekeitiar gaztea. Bermeon eta Ondarroan esperientzia hartu ondoren bere kabuz jarri da orain.
Gizaburuagan jarri dute enpresa
Andiko Motor-ekoek, eta izenak berak azaltzen duen modura, autoei lotutako zerbitzuak eskaintzen dituzte.
Enpresa berrien artean zegoen bai eta
Oinatzak albaitari kontsulta ere. Oraindik ateak zabaltzeko badituzte ere, euren zerbitzua ezagutzera eman nahi izan dute azokan. Lekeition jarriko dute kontsulta, eta etxeko animalientzako zerbitzu gertu eta berezia eman nahi dutela nabarmendu dute. “Etxeko animaliak ondo zainduta egongo diren lekua”. Aste bete barru zabalduko dute, gutxi gorabehera.

Oinatzak albaitari kontsultakoak euren txakurragaz.
Lea-Artibain hutsunea nabarituta, haur eta nerabeen osasun psikologia orokorra eskainiko dute
Kakalamux-en. Abendutik dute martxan zerbitzu psikologikoen eskaintza. Lekeitioko Harbiatx kalean jarri dute bulegoa.
Oraindik berriak diren, baina esperientzia gehiago daukaten beste sei enpresen lana ere ezagutzeko aukera paregabea izan da gaurkoa. Xabier Villalbak, esate baterako, produkzio enpresa dauka abian Lekeition,
Traola, eta honez gero, bere lanak ezagunak dira eskualdean. Esku artean dituen proiektuen artean hiru aitatu ditu bereziki: Garapen Agentziarentzako Turismorako iragarki bat, Antzerki asterako iragarkia eta Miren Agur Meaberen Itsas Labarreko Etxea lanaren egokitzapenaren filma. “Gidoia amaituta daukagu eta grabaketak irailean hasiko ditugu”, aurreratu du Villalbak.

Xabier Villalba Traolak produkziokoa bere lanak aurkezten.
Eze Barrizar energia berriztagarrien enpresak ere bere proiektuak izan ditu ikusgai. Ispasterren sare txiki bat eratu dute eraikin publikoetan egurragaz beroa eta energia sortzeko aukera ematen duena. Eraikin publikoetan jarri dute. Hala ere, enpresakoek azaldu dutenez, edozein etxebizitzatan egin daitezke proiektuak, eta, esate baterako, Gizaburuagan egin dute jada bat. Horrez gain, Markina-Xemeingo eraikin publikoen plangintza energetikoa ere egina dutela jakitera eman dute. Eguzki plakak jarri dituzte, besteak beste kiroldegian. “Eguzki plaka berriekin eraginkortasun energetiko handia lortu daiteke”, aitatu dute.
Barne diseinua egiten duen
Dei Ene ere azokan egon da. Eraberritze lan osoak egiten ditu, eta etxean dauka bulegoa. “Espazio intimoagoa da eta erosoago egoteagaz gainera, nire esantzia erakusten dudala uste dut”, zehaztu du. Zortzi urte darama barne diseinuagaz, baina, batez ere ahoz aho zabaldutako lanak egin ditu. Diseinuagaz gain, Markina-Xemeingo Sormen Lantegian du bere sormena askatasun osoz lantzeko duen beste alorra. Umeekin sortzen aritzen da bertan.
Egurrezko betaurrekoez gain, beste hainbat proiektu dituzte esku artean
IXIWOOD enpresakoek. Surf tablekin hasi ziren 2010ean eta oso ezagunak egin dira bai eta egurrezko betaurrekoekin ere. Beste sorta batzuk prestatzen ari dira materiale ezberdinekin. Dena dela, beti ere egurra eramango dutela azpimarratu dute. Horrez gain, beste enpresa batzuekin lanean ari dira katalogoa handitzeko. 2017 urteagaz batera proiektu eta produktu berriak kaletaruko dituzte.

Ixiwood-eko sustatzaileak egurrezko betaurrekoekin.
Markina-Xemeingo
Meabek jarri dio azokari gozotasuna. Okindegia ogi berriak egiten hasia da eta pastelak ere gehitu dituzte euren eskaintzara. “Betiko mimoagaz” jarraitu nahi dute lan egiten eta momentuz, telefono bidezko eskariak dituzte gehienak.
Campos Optikak,
Kadhim-en dendak eta
Lurdes Makailauak osatu dute azoka. Lehen biak dendak dituzte Lekeition, azkena berriz, herriz herri ibiltzen da bere produktua saltzen.
Sariak
Azokaren amaieran, X. Lea-Artibaiko Enpresa Proiektu Lehiaketaren sariak banatu dituzte. Ekintzaileen ahalegina eta lana saritzea helburu duen ekimen honek
hiru modalitate bereizten ditu. Horrela, Kakalamux haur eta nerabeen osasun psikologia orokorra aurten zabaldu berri duten neskek eraman dute oinarri teknologiko berritzailea duten enpresak industrial eta zerbitzuetako
2.000 euroko saria; Merkataritza, ostalaritza, turismo eta zerbitzu enpresak saritzen dituen
1.500 euroko saria, berriz, Andiko Motor-entzat izan da eta Elgoibarko Berkoari eman diote Kooperatiba izaera juridikoa duten enpresentzako
2.000 euroko saria.

X. Enpresa proiektu lehiaketaren irabazleak, antolatzaile eta udal ordezkariekin.
Eskolapeko kioskoa
Azaro Fundazioaren eta Lea-Artibai Garapen Agentziaren sariez gain, beste bat eman du Lekeitioko Udalak.
Eskolapeko kioskoaren ideia lehiaketa jarri zuen martxan udalak eta bere aurrean banatu dute saria eguerdian.
Bost proiektu aurkeztu direla jakitera eman dute: kioskoa tokiko ekonomiaren akuilu izatea, komunikazio gune izatea, txurreri bat antolatzea, ortulariak indartzeko gune bihurtzea eta kultur lan moduan.
Julian Arratek aurkeztutako Txurreria proiektuarentzako izan da saria. 300 euro irabazi ditu Arratek herriko dendetan gastatzeko.