Lekeitioko Udalak gasolindegi zaharreko lurzorua aztertuko du, deskutsatzeko
Kutsatuak egon daitezkeen lurzoruak aztertzen eta behar diren neurriak hartzen ari da Lekeitioko Udala, “herriko biztanleen bizi kalitatea hobetu eta arriskuak txikitu edo desagertarazteko asmoz”. Ildo horretatik, gasolindegi zaharraren lurzorua aztertuko du, zein egoeratan dagoen ikusi eta isuririk egon balitz, lurra kutsatuta dagoen egiaztatzeko. Udalak azaldu duenez, 90. hamarkadan isurketa bat egon zen lurzoru horretan, eta beraz, lurzoru horren gaur eguneko egoera zein den zehaztuko dute.
“Ikerketa hau ezinbestekoa da gune horretan edozein urbanizazio obra egiteko, beraz lehen urratsa izango da aurrerantzean interbentzio bat egin ahal izateko”, azaldu dute.
Ikerketak 18.700 euroko kostua izango du, baina, lurzorua aztertu eta kutsatutako lurzoruaren aitorpena egin ahal izateko Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza izango dute. 17.700 eurokoa, hain zuzen.
Ikerketak egiteko aste bat beharko du udalak, eta lanak uztailean burutuko direla jakitera eman dute.
Bestalde, gasolindegiko lurzorua ordenazioz kanpo zegoela eta, bertan esku hartu ahal izateko eta bere erabilera aukerak gehitzeko, arau subsidiarioen aldaketa puntuala egin zutela azaldu zu udalak. Are gehiago, urbanizatze proiektu bat ere badagoela aurreratu dute. “Bere onarpena egitea falta da bakarrik”.