Omenaldi beroa egin diote gaur eguerdian [ekainak 18],
Josetxo Flores Lizaso Kaskas-eri haren lagun, senide eta herrikideak. Xiri parkea aukeratu dute elkartzeko, bere taldeagaz batera hainbat aldiz garbitu zuen parkea. Xiri gunea zaintzen eta mantentzen egindako lan hori eskertu nahi izan diote Kaskaseri. Hala,
oroigarria oparitu diote beragaz lan horretan jarduten zutenek haren familiari, esker onez.

Gaur goizean Xiri parkean egindako lore eskaintza. Argazkia: Joseba Palenzuela/Mutrikuko Udala
Mutrikuko
Udalak ere gogora ekarri nahi izan du Josetxo Floresen ekarpena. Hainbat eta hainbat jarduera kulturaletan parte hartu eta sustatu izana eskertu diote.
Presoen urruntzeak senideei eragiten dizkien zailtasunak arintzeko, espetxeetaraino eramaten dituzten
Mirentxin Gidariak ere bertso bat eta oroigarria oparitu diote familiari eta Benito Lertxundiren
Loretxoa kanta abestu dute Xiri parkean batutako guztiek batera.

Kaskasen lagun, senide eta herrikideak krabelin gorriak eskaintzen. Argazkia: Joseba Palenzuela/Mutrikuko Udala
Herritar eta lagun gehiago ere izan dira mikrofonoa hartu eta oroitzapen hitz batzuk esan dituztenak. Izan ere, herritarren artean oso maitatua zen Kaskas.
Bihotz bihotzez
eskerrak ematea izan da gaur eguerdiko ekitaldiaren asmoa, eta beraz, ekitaldiari amaiera emateko, lorez jantzi dute Josetxo Flores
Kaskasen irudiaren ondoan jarri duten “Eskerrak” hitza.

Senide eta lagunak ekitaldi amaieran. Argazkia: Joseba Palenzuela/Mutrikuko Udala
Musika eta emanaldia
Goizalderaino jarrituko du gaurko omenaldiak. Arratsaldean, gaztetxean,
entzunaldi musikala egon da. 70eko hamarkadako musika eta bideoak jarri dituzte 16:30etik aurrera, eta Itoizeko musikariek eta Mutrikuko Rock Kolektiboko kideek ere hartu dute parte solasaldian.
Gauean, berriz, 22:30ean,
ikuskizuna egongo da. Zabielen egitekoa zen ekitaldia lekuz aldatu behar izan dute eguraldia dela eta. Horrela, musika, antzerkia eta bertsoak uztartuko dituen funtzioa
Merkatu Plazan izango da.
Amaiatzeko
Jam-session saioa egongo da gaztetxean. Jazz musikaren jarraitzailea zen omendua eta beraz, musika hori izango da muina.