Eika kooperatibak euskara biziberritzen egindako lana aurkeztuko du Hitzargiak ekitaldian
Bi egunez, 17 hizkuntza komunitatetako eragileak elkartuko dira Topaketan: Eskoziako eta Irlandako gaelikoak, bretoiera, galiziera, aragoiera, manxera, Poloniako kashubiera, edo Estoniako voro hizkuntza adibidez.
Etxebarriko Eika kooperatibak ere ekimenean parte hartuko du. Izan ere, lan munduan euskara biziberritzeko esperientzia eredugarri bezala aukeratu dute, eta Hitzargiak proiektuan aurkeztuko dute egin duten lana, Europako gainerako esperientziekin batera. Hizlaria Ainhoa Irureta izango da, Eika Kooperatibako zuzendari industriala.
Hitzargiak formatu eta eduki ugariko topaketa izango da. Gaika banatutako aurkezpen-hitzaldi eta elkarrizketarako mahai-inguruak egongo dira, alde batetik. Bestetik, Esperientzien Trukegunea izeneko ekintzak ere egingo dira: Hitzargiak egitasmoan sei hilabetean identifikatu diren jardunbide edo esperientzietako 80 erakutsiko dira panelen bidez, eta bertaratutakoek horien atzean dauden eragileekin aurrez aurre egoteko aukera edukiko dute.