Uda honetan elkartasun bidaia bat egingo dute Nepalera
Aitor Zarragoitia,
Katalin Astoreka eta
Eneko Muniozguren lekeitiarrek. Zarragoitiak iaz hasitako bideari jarraituz elkarte ezberdinak Nepalen dituzten proiektuak lagunduko dituzte.
Bideitzen bidaiaz bideak eraiki deitu duten ekimena Otoio tabernan aurkeztuko dute zapatuan [ekainak 25], 19:00etan, eta Elkartasun Merkatua prestatu dute domekarako [ekainak 26].
Orain dela urte batzuk boluntario modura Nepalera egindako bidaian piztu zitzaion grina, eta iaz Nepalen lurrikara egon ostean, bertara joan zen Zarragoitia. Bazituen kontaktu batzuk eta bi hilabete eta erdi Nepalen egon ondoren, egitasmo gehiago ezagutzeko aukera izan zuen.
Aitor Zarragoitia lekeitiarra Nepalen, aurreko bidaian.
Proiektu ezberdinetan eskua luzatzeko asmo beragaz doa oraingoan ere, baina ez da egongo bakarrik. Bideak eraikitzeko ekimen horretan
bidailagun berriak izango ditu Katalin Astoreka eta Eneko Muniozguren lekeitiarrak bai eta Nepalen bertan azken bidaian ezagutu zuen Madrileko (Espainia) mediku bat ere.
Inongo elkartearen baitan ez doazela argi utzi du Aitor Zarragoitiak. Horrela askatasun gehiago izango dute hezkuntza, osasuna, kultura eta berreraikitzea sustatzen dituzten proiektu ezberdinak laguntzeko.
“Bizipenetan oinarritutako ekimen bat izango da; bertako errealitatea bizi eta egunerokotasunean parte hartuko dugu. Proiektu txikietan oinarritutako bizi proiektuak ikutzen ahaleginduko gara”, azaldu du.
Elkartruke bat izatea ere nahi dute, hemen eta han. Hau da, Nepaleko bizilagunen eguneroko bizitzatik ikasi eta elkarrekin lan egingo dute eta hemen ere gauzatuko dituzte ekimenak. Esate baterako, domekan elkartasun Merkatuan egongo den umeentzako gunean egingo dituzten tailer berberak Nepalen ere egingo dituztela aurreratu du Zarragoitiak.
Nepalen aldeko Merkatua
Plazan prestatuko duten Elkartasun Merkatua
kulturen arteko topaleku ere izango da. Herrialde ezberdinetako produktu eta jakiak dastatzeko aukera egongo da borondatearen truke.
Borondatea izango da bai eta ere, merkatuan jarriko duten
bigarren eskuko objektuak eskuratzeko bidea. Batzen den guztia Nepalera bideratuko dute zuzenean, Bideitzen ekimeneko kideek.
10:00etatik 20:00etara egongo dira plazan ahal duten elkartasun guztia lortzeko.
Horrez gain,
material bilketa ere egin dute herriko eskoletan eta farmazietan. Laguntzeko gogoagaz gainera, beraz, karpeta, lapitz, margo eta botikak eramango dituzte eurekin batera Nepalera.