Lekeitioko EH Bilduk "hitza ez betetzea" leporatu dio udal gobernuari
“Herriko sentsibilitate guztiak batzeko deia egin zuten hasieran, eta denborak erakutsi digu ez dela horrela izan. Noiz hasiko zarete zuen hitza betetzen?”, esan dute EH Bilduko ordezkariek.
Koalizioko kideek diote «hasieratik oposizio eraikitzaile» bat egin dutela baina «oztopoak baino besterik» ez dutela aurkitu. «Ez da normala udaleko oposizioko talde bakarra askotan udal gobernuaren nondik norakoez prentsa bidez, hirugarrenen bidez edota sare sozialen bidez enteratzea».
Aurtengo aurrekontuetarako egin zituzten emendakinak eta proposamenetatik bat ere ez zutela onartu agertu dute EH Bildukoek. «Eta hezkuntzan, kulturan eta gizarte zerbitzuetan murrizketak egin dituzte».
Murrizketak. Halaber, aurreko legegintzaldian herritarrentzeko zerbitzu publiko guztiak bermatu zituztela eta orain batzuk kolokan daudela kritikatu dute. «Herrian aldaketa irudikatu nahi izan dute, baina aurpegia garbitu dioten bitartean, murrizketa egin dituzte».
EH Bilduk hasitako proiektu batzuk eurenganatu nahi izan dituztela ere esan dute: San Juan-Santa Katalina paseoa, Abaroako proiektua edota kiroldegiko teilatua.
Berdintasuna ez dela EAJren lehentasuna ere gaineratu dute. «Udal gobernuak egindako kartel edo bideoetan ez da emakumerik ageri. Berdintasunaren alde lan egingo zutela esaten duten arren, ekintzeko kontrakoa erakutsi dute».