Ziortza-Bolibarko Sorgin Gaba, "giro paregabean"
Ziortza-Bolibarko herritarrek San Joan jaiak goi-goitik ospatu dituzte. Aranbaltz kultur elkarteak herritar guztiekin elkarlanean antolatzen duen Sorgin Gabean, esaterako, 70 herritar inguru mozorrotu ziren.
Mari eta Maju Oiz menditik ailegatu ziren herrira, txalapartarien doinuek lagunduta. Ondoren, hainbat galtzagorri (urtetik urtera gero eta gehiago dira), aringa-aringa heldu ziren herrira, Zubikutik, Ttarttalo atzetik zutela. Lamiak Uzanditik agertu ziren beraien ileak orrazten; jentilak eta Jauz Zuria ere haiekin ailegatu ziren. Sorginak, bestalde, ijuika eta saltoka elizpetik agertu ziren, Akerbeltzekin. Azkenik, Basajaun eta Basandere agertu ziren.
Afalostean beheko zubira joan ziren herritar danak, sua piztera. Eta ostean, berriro ere plazan, ume eta nagusiek Sorgin Dantza egin zuten, giro alaian.
Ekintzagaz amaitzeko, sorginek prestatutako edabea edan zuten guztiek.