Mutrikuko Elikagaien Bankuak bilketa berezia egingo du, uztailaren 7tik 9ra
Gutxien dutenei laguntasuna ematea helburu hartuta, Mutrikuko Elikagaien Bankuko kideek urte osoan isilean lan egiten dute. Baina urtean bi aldiz, bilketa bereziak egiten dituzte: Gabonetan eta Malen jaietan. Beraz, malenak ate joka datozen sasoi honetan, oraindik ere bilketa egiteko beharra dagoela esan eta deialdia egin dute. Zehatz esateko, uztailaren 7tik 9ra egingo da bilketa, herriko dendetan, eta Zure erosketaren pixka bat ASKO DA! lelopean egingo da.
Elikagai Bankuko kideek kutxa bereziak ipiniko dituzte dendetan, eta herritarrei erosketaren zatitxo bat hara bideratzeko eskatu diete. Kutxetan sartu ahal den janari motari dagokionez, denda bakoitzean informazio orriak egongo direla jakitera eman dute. “Zerrenda horretako elikagaiez gain, Malen jaietan gure mahaietan ohikoak diren ospakizun janariak ematea ere estimatuko da”, gaineratu dute.
Itsulapikoak ere bai. Elikagaiak biltzeko kutxez gain, dirua eman ahal izateko itsulapikoak ere ipiniko dituzte dendetan. “Biltzen den diruarekin bestelako elikagaiak erosten dira, elikagai freskoak esaterako”.
Behin bilketa egiteko epea amaituta, Elikagaien Bankuko boluntarioek dena bildu eta antolatuko dute. Eta banaketa uztailaren 14an egingo dutela aurreratu dute.
Beste alde batetik, ekainean, elikagaien bankuak herriko 47 familiari laguntasuna eman diela gaineratu dute. “Zehatz esateko, 128 pertsonari lagundu diegu”.
Iaz egindako bilketan, esaterako, 646 kilo elikagai eta 280 euro bildu zirela esan dute. “Herritarroi ahalegin berri bat egiteko eskatze diegu, bakoitzaren apur batekin asko lortuko dutelako”.