Eguraldi ederra eta giro zoragarria izan dira nagusi, aurten ere, Markina-Xemeingo San Martin auzoko jaietan. Urtero legez, San Martin kofradiak antolatuta, egun osoko jaia egon zen atzo [uztailak 3], Martin Deunaren ermita dagoen inguru zoragarrian.
Dantza izan zen protagonista, meza ostean. Ohiturazko aurreskuaren ondoren umeen mailako
dantza solte txapelketa lehiatu zen berdeguneko oholtza gainean.

Aurreskua egin ondoren, dantza soltean.
Azken urteetan jada, ohitura bihurtu da dantza solte txapelketa San Martinen ospatzea. Aurten, Errezil, Azpeiti eta Lezoko zazpi bikotek hartu zuten parte norgehiagoka ikusgarrian.
Mirari eta Aintzane trikitilariek jarri zuten doinua, eta zazpi bikoteek fandangoa eta arin-arina dantzatu behar izan zituzten Euskal Dantzarien Biltzarreko
Ander Garitaonaindiak,
Carlos Sarriegik eta
Jone Idiazabalek osatutako epaimahaiaren aurrean.
Ikusleek txalo bero artean hartu zituzten dantzariak, eta guztiak batera ere igo ziren oholtza gainera dantzan egitera epaia jakin aurretik.
Ekain Uzkudun eta
Laura Bastida azpeitiarrak izan ziren irabazleak. Bigarren saria berriz, Lezoko Iker Belintxon eta Maider Aginagarentzat izan zen. Julen eta Nagore Berraondo geratu ziren hirugarren.

Laura Bastida eta Ekain Uzkudun Dantza Solte Txapelketako irabazleak.
Dantzariak oinak airean zenbiltzan bitartean lanean ibili ziren batzuk, paellak prestatzen. 29. Paella Txapelketa ospatu da aurten San Martinen, eta sari nagusia Juantxu Totorikaguenaren kuadrillak eraman zuen: Barrenetxek emandako barazki sorta ederra.
Arratsaldea, jokorako
Bazkaltzeko tartea eginda, umeen jolasekin hasi ziren arratsaldeko ekimenak. Puxikak apurtzen, patatak eramaten eta aulkien jokoan ere ibili ziren ume eta nagusiak. Ondoren,
Martinbertso eta
Tiritatxorekin gozatzeko aukera izan zuten guztiek. Irrien lagunek, ikuskizun berria ekarri zuten San Martinera:
Irrikula Makula Kriskitin Dzart! Eta azkenik, sabelak berotzeko
txokolate goxo-goxoa ere eduki zuten.
Umeak baina, ez ziren jokoan ibili ziren bakarrak. Aurtengoan,
32. Mus eta 29. Briska Txapelketak jokatu dira auzoan.