Adin guztietako atletekin beteko da zapatuan [uztailak 9], Markina-Xemeingo Zelaia. Urtero modura, Karmen jaien atarian, Atletismo Eguna antolatu dute Markina-Xemeingo Atletismo Taldeak eta Bekobenta Eskolak, eta urtero legez, ume eta gazte mailetako abiadura probekin hasi eta herri krosagaz amaituko da.
17:00etan hasita, 60 metro, 100 metro eta 600 metroko
abiadura probak eta
erreleboak egingo dituzte aurrebenjamin, benjamin, alebin, txiki eta kadete mailetako atletek Zelaiaren inguruan. Horrez gain, berdegunean
pisu jaurtiketa edukiko dute, eta ondoren, bi kilometrotako
kros txikia egingo dute txikiek eta kadeteek 18:30ean hasita.
Herri krosa
Nagusien krosa
19:00etan hasiko da, eta guztira, 7,8 kilometro edukiko ditu ibilbideak. Iaz bezala, Arretxinagatik pasatu eta Barroeta zubitik igaroko dira korrikalariak aringa-aringa.
Zelaian hasiko da, betiko modura, herri krosa eta San Agustin kalean zehar Xemeinera joango dira korrikalariak Lea Artibai Ikastetxearen ondotik Arretxinagarantz abiatzeko. Barroetaraino joan eta zubia zeharkatu eta gero, Beko Benta kaletik Bolurantz hartuta, bide gorritik joango dira Atxondo kiroldegiraino. Kiroldegiari buelta eman eta Ibaibarreneta aurretik Frai Bartolome kalerantz abiatu eta Goiko Portalera sartuko dira, Zelaira ailegatzeko. Ibilbide hori guztia bi bider egin beharko dute korrikalariek helmugaratu orduko.
17. Atletismo Eguneko Herri Krosa.
Sari banaketa Zelaian bertan izango da. Abiadura probetan maila bakoitzeko lehen hiru neska-mutilentzat egongo dira sariak. Pisu jaurtiketan eta erreleboetan, berriz, lehenengoarentzat egongo da garaikurra. Krosari dagokionez, bestalde, gazte, nagusi eta beteranoen mailetako lehen hiru andra-gizonek garaikurra eta diru saria eramango dituzte.
Atletismo Eguneko probetan parte hartu nahi dutenek,
11:00etatik 13:00etara, eta
15:00etatik aurrera norbere proba baino ordu erdi lehenagora arte edukiko dute izena emateko aukera.