Gora Buru Kultur Elkarteak antolatzen duen Lekeitioko Euskal Ezkontza jarraian egiten den 40 urtea da aurtengoa. Hori dela eta, aurten egitarau berezia prestatu du elkarteak.
Uztailaren 22an jantziko dute gurdia Eskolapean eta uztailaren 23an aterako dira ezkontideak eta haien senide eta lagunak Lekeitioko kaleetara, aintzinako erako ezkontza plazaratzeko. Aurtengo ekimenak ,baina, bihar [uztailak 15], hasiko dira Xabier Erkizia soinu artistaren eskutik. Xabier Erkiziak
Idi- Burdiaren Oihartzuna hitzaldia emango du kultur etxeko Azkue aretoan,
19:30ean.

Gora Buru Kultur Elkartearen gurdia 2009ko Euskal Ezkontza egunean. Argazkia: Gora Buru
Xabier Erkiziak (Lesaka, Nafarroa, 1975eko urriaren 27) soinua, musika eta entzumena ditu bere jardunaren ardatz, eta horien inguruko hainbat alderdi landu izan du sortzaile zein ikerlari modura. Hainbat musika talde eta egitasmotan partaide izan zen, eta gerora, Audiolab elkartearen zein Ertz jaialdiaren sortzaile. Besteak beste,
Soinumapa.net, Euskal herriko soinuen mapa egitasmoa osatzen dihardu. Mundu zabaleko hamaika erakusketetan erakutsi izan dira bere pieza, instalazio eta enparauak, eta beste horrenbeste artistarekin (Mattin, Anari, Borrokan, Maialen Lujanbio…) kolaboratu izan du.
Maiatzaren 28an, Erkiziak Gora Buru Kultur elkartearen
idi gurdia Bilbora eraman zuen bere kaleetan zehar XIX. mendeko Bilboko ohiko eszena bat birsortzeko: idi-burdi karrankaria, kaleetatik kirrinka, hiriko soinu-marka bilakatuta.
Biharko hitzaldian Lekeitioko Euskal Ezkontzan ateratzen den idi gurdiari buruz hitz egingo du besteak beste, gurdien soinuaren garrantziaz, beraien historiaz,…
Lekeitioko Euskal Ezkontza (1977-2016). EGITARAUA.
- Bihar, uztailak 15, Xabier Erkiziak “Idi- Burdiaren Oihartzuna” hitzaldia emango du kultur etxean 19:30ean.
- Uztailaren 22an, barikua, gurdia jantziko da Eskolapean 19:30etan.
- Uztailaren 23an, zapatua, Euskal Ezkontzaren irteera 19:00etan, Batzokitik plazarantz. Ezkontide, senide, lagun, eta gonbidatuez gain, kalejiran joango dira bai eta Iturengo joaldunak, Itxaropena txistulariak eta Alurr dantza taldea ere. Eta egun berean 20:00etan plazan: Alurr dantza taldearen ikuskizuna egongo da.
- Urriaren 8tik 15era, Barandiaran Aretoan: Lekeitioko Euskal Ezkontzako argazki eta jantzien erakusketa egongo da ikusgai.