Auzoetaraino datoz jaiak
Herriguneetan ez eze, auzoetan ere ospatuko dituzte Madalen jaiak. Hala, Ziortza-Bolibarko Zeinke-Ziarregi, Aulestiko Urriola eta Berriatuko Madalena jaietan murgilduko dira. Hiruretan urteroko ekintzak izango dira nagusi.Trikitilariak, karta jokoak, a...
Herriguneetan ez eze, auzoetan ere ospatuko dituzte Madalen jaiak. Hala, Ziortza-Bolibarko Zeinke-Ziarregi, Aulestiko Urriola eta Berriatuko Madalena jaietan murgilduko dira. Hiruretan urteroko ekintzak izango dira nagusi.
Trikitilariak, karta jokoak, auzotarren arteko bazkariak… Horiek eta gehiago izango dira beste behin ere Madalena jaiak ospatzeko Lea-Artibaiko herri batzuetan egingo dituzten ekintzak. Zehatz esateko, Aulestiko Urriola, Ziortza-Bolibarko Zeinke-Ziarregi eta Berriatuko Madalena dira beste urte batez jaietan murgilduko direnak. Auzoetako jaiak izanda, herritarrentzako jai kuttunak dira.Berriatuko Madalena izango da lehena jaiei hasiera ematen, eta lau egunez, denetariko ekintzak egingo dituzte. Uztailaren 23an, esaterako, mus txapelketan lau sari banatuko dituzte: 250 euro jasoko ditu irabazleak, eta 200, 175 eta 150 euro, hurrenez hurren, bigarren, hirugarren eta laugarren geratzen direnek.
Zozketa, azken egunean
Egun berean egingo da briska txapelketa, eta horretan ere lau sari banatuko dituzte: 180, 150, 120 eta 100 euro.
Kalejirak, bertso saioak eta herri kirolak egingo dira hurrengo egunetan. Eta azken egunean, janari eta edariz betetako eskorgaren eta Laka-Erdi sagardotegian bi lagunentzako afaria zozkatuko dituzte.
Urriolan, egun bakarrean
Aulestin, ostera, egun bakarrean egingo dituzte ekintza guztiak: uztailaren 23an. Ekintzak urterokoak izango badira ere, auzotarrek ondo pasatzeko aukera edukiko dute.
Tiragoma txapelketan 15, 10 eta 5 euroko sariak banatuko dituzte lehen hiru postuetan geratzen direnen artean. Irabazlea zein izango den apustu egin ahalko da.
Balinezko txapelketan ere hiru sari banatuko dituzte: 20, 15 eta 10 euro. Txapelketa horretan baina, 10 urte edo gehiago duten herritarrek parte hartu ahalko dutela jakitera eman dute jai batzordeko kideek. «Balinezko eskopetak jai batzordeak jarriko ditu, norbereak ez du balioko». Horretan ere apustu egiteko aukera egongo da.
Gauean ailegatuko da auzotarrek espero duten urteroko hitzordua: txerri harrapaketa. Izan ere, urtero-urtero, ekintza horrek pasadizo asko eta asko sortzen ditu. Auzotar batzuek azaldu dutenez, inoiz, ekintza hasi baino lehen txerriak ihes ere egin izan du, eta, ondorioz, harrapaketa ezin izan da egin.
Ziortza-Bolibar
Azkenik, Ziortza-Bolibarko Zeinke-Ziarregin ere uztailaren 23an hasiko dituzte jaiak, eta ospakizunak astelehenera arte luzatuko dira.
Hilaren 23an egingo den afarirako txartelak hilaren 21era arte daude salgai, Armolan eta Kanpapen.
Beste alde batetik, egingo diren hiru txapelketetan lau sari banatuko dira. Eta sari ekonomikoez gain, mus eta bolo txapelketetan lehenengo bi irabazleei txapelak edota garaikurrak ere emango dizkiete.
Osagarririk ez da falta hiru auzoetan jai giroz zipriztintzeko.