Gaurko aurreikusten zen beroa dela eta, Beko Benta herri eskolan prestatu dute gaur goizean [uztailak 18], Karmen Txiki eguneko umeen parkea. Tren txutxuak ere, geltoki berria izango du egun guztian. Horrela, Boluko zubiaren ondoan ere egingo du geldiunea.
Urtero legez, umeak izaten dira protagonista Karmen Txiki egunean. Puzgarrietan gora eta behera, trenean bueltaka eta tirolinan jaisten ibili dira goiz osoan. Bekobentako frontoi azpian jarri duten parkean ilarak egon dira salto-saltoka ibiltzeko.
Umeak puzgarrietan ibiltzeko zain, gaur goizean, Bekobentan.
Gimnasioan, berriz, ginkanan parte hartzeko aukera izan dute. Geinkek antolatuta, kirol eta joko egokituen ibilbidea egon da bertan. Sei proba egin behar zituzten ginkanan, diploma jasotzeko. Horrela, itsuen mundua ezagutu dute begiak itxita elkar lagunduz ibili direlarik, igelean txanponak sartzen aritu dira eskua erabili barik, boccia barruko petankan jokatu dute bai eta saski baloian ere, eta azkenik, gurpil aulkietan slaloma egiten ibili dira.
Jolasteagaz gain eskulanak egiteko aukera ere egon da Sormen Lantegikoen laguntzagaz.
Bestalde, beroari aurre egin nahian, gainera, hodi malguagaz ura bota eta bertan busti ahal izan dira ume eta gazteak.
Arratsaldean ere egongo da umeen parkea, 17:00etatik 20:00etara leku berean. Horrez gain, Beti Jai erretiratuen elkarteak antolatuta mus eta briska txapelketak egongo dira Plazabarripean.
Zelaia, beteta
Urtero modura, herri bazkaria izan da herritarrentzako galdu ezineko hitzordu nagusia. Atzo goizetik [uztailak 17] hasi ziren herritarrak Zelaia prestatzen eta hutsunerik ere ez zen geratu berdegunean.
Herri bazkariko 2.500 lagunei, Granollerstik etorritako 180 Castellersak batu zaizkie, oraingoan. Bazkaldu aurretik, giza dorre ikusgarriak egin zituzten Xemeinen, Aldaola ostean eta Zelaiaren beheko partean, eta bazkalosteko Herritxouean ere parte hartu zuten.
Luis Egurrolak eta Eneko Arratek aurkeztu zuten bazkalosteko ikuskizuna, eta dantzan jarri zuten Zelai osoa. Jairik jai ibilita, era guztietako kanta, dantza eta antzezpenak eskaini zituzten Castellersak, Zoro kuadrillak, Izen bakuek, Ibanek, Alarauke taldeak, Mari Carmen Balentziagak, Laura Chicak, Terremotuek, Los Guapos-eko kideek, Arrieta familiako kide batek, Alprojak taldeak eta Susana Montaña eta bere alabak.
Denek batera prestatutakoa, denek batera jaso eta Elutxa txarangaren kalejiragaz dantzatu zuten herritarrek Herritxouaren ostean. Tximeleta taldeagaz erromeria ere egon zen Zelaian.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.