Iparra Galdu Baik plataformak jakitera eman duenez, larriki gaixorik dagoen preso ondarrutarrari “bost zaplazteko” eman dizkio Alcala Meco (Madril) espetxeko zerbitzu buruak. “Ziegan lotuta mantenduko zutela mehatxatu eta kaka eta txiza ere gainean egin beharko zituela esan zioten Iboni”. Horrez gain, plataformak gaineratu duenez, “
hijo puta“, “
cabron“, “
maricon” eta antzeko irainak esan dizkiote.
Astelehenean [uztailak 18], espetxeko zerbitzu buruak funtzionarioen gelara sartzeko agindu zion ondarrutarrari. “Ibonek aginduari uko egin zion, ez baita lehen aldia gela batean sartu eta jipoitu egiten dutena”. Plataformak jakitera eman duenez, kexa baten ebazpena ailegatu zitzaion ondarrutarrari. “Isolamenduan sartzeko zigorra ezartzen zuen ebazpenak. Baina oraingoan, zigorra jakinarazteaz gain, 7. modulura eraman eta
beste lau funtzionariogaz inguratuta, mehatxuak eta irainak egin eta kolpeak eman zizkioten. Ostean, ziega batean sartu zuten. Gero 5. modulura eraman zuten”.
Preso ondarrutarrak
egunean bertan etxera deitu zuela azaldu dute. “Gertatutakoa azaldu eta ondo zegoela adierazi bazuen ere, jasandako
erasoa salatzeko eta zabaltzeko eskaera egin zuen”.
Iparra Galdu Baik-ek salatu du 30 hilabetean ondarrutarrak jasaten duen “bosgarren eraso fisikoa” dela. “Eta azken urtebetean erresonantzia magnetikorik ez diote egin, nahiz eta sei hilero egin beharko lioketen”. Beraz, gaurko egunez, presoak diagnostikatuta daukan gaixotasunak (
leukoentzefalopatia multifokal progresiboa) zelako bilakaera izan duen ezin dela jakin diote.
Iparra Galdu Baik: “Kexak direla eta, Iparragirre isolamendu moduluan sartu beharko lukete, baina ez dute sartzen legeak hori debekatu egiten duelako eta sartuz gero, gainontzeko preso politikoekin batuko zelako”
Plataformak dio azken gertakizun hau “Iparragirrek bizi duen egoera larri eta muturrekoaren isla txiki bat besterik ez” dela. Eta Iparragirre berehala etxeratzeko eskakizuna berretsi du, “beharrezkoa duen arreta, jarraipena eta tratamendu medikua jasotzeko”.
Hainbat parte. Azken hilabeteetan, Iparragirreri hainbat parte sartu dizkiote. “Horietatik gehienak funtzionarioek eurek eragindako egoerengatik, eta gutxi batzutan Ibonen gaixotasun egoerak eraginda; erdi itsututa dagoenez, ziega desordenatuta edukitzeagatik ere partea sartu diote”.
Parte horiengatik, Iparragirre isolamendu moduluan sartu beharko luketela baina ez dutela sartzen legeak hori debekatu egiten duelako azaldu dute Iparra Galdu Baikeko kideek. “Legeak debekatzeaz gain, isolamendu moduluan sartuko balute, beste preso politikoekin batzeko aukera edukiko luke Iparragirrek”.
Halaber, ia bi urtez, preso ondarrutarrak Alcala Mecoko modulu arrutean, preso sozialez inguratuta eta gainerako preso polikoengandik isolatuta dagoela gogora arazi dute.