Enrike Solinis & Euskal Barrokensemble, Markina-Xemeingo Uhagonen
Taldeak Hego Koloreak ikuskizuna eskainiko du bihar [uztailak 23], 20:00etan, Uhagon kulturguneko lorategian.
Antzinako euskal musika berreskuratzea helburu hartuta, Solinis gitarrajole ezagunak zuzentzen duen taldea 2006. urtean sortu zen.
Solinigaz batera ariko dira Leire Berasaluze (ahotsa), Miren Zeberia (biolin barrokoa), Lerman Nieves (kontrabaxua) eta Dani Garai (perkusioa). Eurekin batera, Irune Arrizubieta Eta Ainhoa Odiaga dantzari markina-xemeindarrek ere saioan parte hartuko dute.
Besteak beste, taldeak Euskel Antiqva azken laneko abestiak eskainiko ditu.
Bocinegro, hilaren 29an. Saioa doakoa izango dela aurreratu dute Uhagon kulturguneko arduradunek.
Behin biharko saioa eginda, hilaren 29an, 20:30ean, berriro ere musikagaz gozatzeko aukera eskainiko du Uhagonek. Orduan baina, Fuerteventurako (Kanaria uharteak, Espainia) Bocinegro laukoteak eskainiko du emanaldia.
Afrika edota Ipar Amerikako musikarien eraginagaz, talde horrek gerraosteko blues akustikoa du oinarri. Eta Markina-Xemeinen Bocinegro azken diskoko abestiak zuzenean aurkeztuko dituzte.