Mutrikuko Galbaixo Txiki egunean (irailak 15) Txoko Eder elkarteak antolatzen duen marmitako lehiaketan izena emateko epea zabalik dago, hilaren 8ra arte.
Txoko Eder elkarteak jakitera eman duenez, lehiaketan gehienez ere hamasei taldek parte hartu ahalko dute. «Izena emanda dauden guztien artean zozketa egingo da eta hor aukeratuko dira lehiaketan parte hartuko dutenak».
Zozketa, hain zuzen ere, irailaren 8an, 20:30ean egingo da, Txoko Eder elkartean (San Agustin kalean).
Interesatuek, hilaren 8ra bitartean Alvaronera edo Sabinanera joan beharko dute izena ematera; 6 euroko fidantza ipini behar da.
Mutrikuko iazko Galbaixo jaietako marmitako txapelketako parte hartzaile batzuk
Talde bakoitzean gehienez ere bi lagun egon ahalko direla azaldu dute. «Talde bakoitzak hamabost lagunentzako marmitakoa egin beharko du».
Lehiaketa eguneko arauak. Lehiaketa 10:00etan hasi eta 13:00etan amaituko da, Beheko Plazan. Sari banaketa, aldiz, 14:00etan izango da eta ostean enkantea egingo da. Txoko Eder elkartekoek jakitera eman dutenez, epaimahaiaren erabakia «aldaezina» izango da. Guztira sei sari banatuko dituzte.
Antolatzaileek hiru kilo hegaluze, 4,5 kilo patata, olioa, gatza eta sua emango dizkiote talde bakoitzari. «Talde bakoitzak ondoko tresnak eta osagaiak ipini beharko ditu: lapikoa eta beste tresnak, piper berdeak edota gorriak, txorizo piperrak, tipula, ogia, pipermina eta tomatea». Osagai horiez gain, barazkiak baino ez dituzte onartuko. «ezin da kondimendurik erabili».