Lekeition erabakiko da, domekan [irailak 11], Itsas Kayakeko Euskadiko XII. Kopa. Laugarren urtez jarraian lehiatuko da kopako azken jardunaldia Lekeition, eta
30 bat parte hartzaile egongo direla aurreratu dute Lekeitioko ekitaldia antolatzeaz arduratzen den Dzanga Piragua Taldekoek.
Era berean, eta Euskadiko txapelketa egiten dela aprobetxatuta,
Bizkaiko Itsas Kayak Txapelketa ere jokatuko da. Beraz, bertan erabakiko dira bai eta ere, aurtengo Bizkaiko txapeldunak nortzuk diren.
Lekeitioko x. piraguismo kontzentrazioa eta II. itsas kayak txapelketa. Argazkilaria: Asier Zelaia
12:00etan hasiko da norgehiagoka Isuntzako hondartzan, eta guztira
12 kilometroko ibilbidea egin beharko dute parte hartzaileek. Hiruki bat bezalako ibilbidea izango dela azaldu du Ekain Ogando Lekeitioko Dzanga Piragua Taldeko kideak: ” Eskumarantz hartu eta Ondarroarako norabidean joan beharko dira lehenengo. Gero ezkerrera hartu beharko dute eta Santa Katalinako itsasargia pasatu eta Ispasterko Ogella hondartzarantz abiatuko dira. Ogellan buelta egingo dute Lekeitiorantz”.
Domekarako olatua emanda dagoela era jakitera eman dute Dzanaga Piragua Taldekoek. Beraz, piraguistek lana edukiko dutela azpimarratu du Ogandok.
23 azpikoak, junior, kadete, senior eta
beteranoen
K-1 zein K-2 modalitateetako piraguak aterako dira Lekeitioko uretara garaipenaren bila. Batez ere, Surfski erakoak izango direla zehaztu dute antolatzaileek.
Parte hartzaileen artean neska bi egongo direla ere jakitera eman dute Dzanga Piragua Elkartekoek. “Oraindik nesken parte hartzea txikia da eta emakumeak ere kirol honetan parte hartzera animatu nahi ditugu”, nabarmendu dute.
Zeharkaldia amaituta, sari banaketa egingo da, eta hamaiketakoa egongo da parte hartzaile guztientzat.