Barikuan [irailak 9], San Nikolas bezperan hasiko dira aurten Samikollako jaiak. Eta bi egunez, denetariko ekintzak egongo dira. Auzoko jaiek Galbaixo jaien aurreko asteburuagaz bat egiten badute ere, auzotarrek euren nortasuna indartzeko jaiei eutsi diete, eta egitarau erakargarria prestatu dute. Hori bai, ahal izan duten heinean, herrigunean eta auzoan egingo diren ekintzak ordu berean ez izatea saihesten ahalegindu direla gaineratu dute.
Samikollako auzotarrek 2010. urtean berreskuratu zituzten auzoko jaiak. Ilusioz eta indarrez hasi ziren. Eta aurten,
zazpigarren urtez, hasierako griñari eusten jarraitzen diete.
Indartsu hasiko dira jaiak barikuan. Izan ere, Bertso Eskolari esker,
Galbaixotako bertso jaialdia auzoan egingo da. “Guretzat ohore bat da hain ospetsua den bertso jaialdi hau gure auzoan egitea. Bertso eskolakoei eskerrak eman nahi dizkiegu”, azaldu du Garbiñe Agirregomezkorta Samikollako bizilagunak. Hori 22:30ean hasiko da eta bertsolariak ondokoak izango dira: Odei Barroso, Iñaki Apalategi, Amets Arzallus eta Angel Mari Peñagarikano. Gai jartzaile lanetan, ostera, Unai Belaustegi mutrikuarra ariko da.
Baina jai giroa arratsaldean hasiko da. Izan ere, aurreko urteetan ez bezala, aurten,
puzgarriak egongo dira auzoko parkean. “Puzgarriek gurasoak eta umeak erakarriko dituzte, seguru”.
Iaz Ramonita Osa eta Fermin Andonegi omendu zituzten Mutrikuko Samikollan
Erraldoi eta buruhandiak ere protagonista izango dira Samikollako jaietan. “Erraldoi eta buruhandiak beti egoten dira presente herriko jai guztietan. Eta orain arte gurean ez dira egon. Bada, aurten, Goiko Plazatik hasita kalejiran etorriko dira auzora; pozgarria da”. Gainera, erraldoi eta buruhandiekin herriko gazteak ere auzora igoko direla gaineratu dute.
Zapatuan [irailak 10], askotariko ekintzak egingo dira. Meza, omenaldia eta bazkalaurreko beti-betiko ekintzez gain, bazkaltzen 50 auzotar inguru batzea espero dutela diote. Zezen txikiekin jolasean ibili eta gero, gaueko kontzertuen txanda izango da. “Aurten kontzertuen alde apostu egin dugu. Auskan taldeko kide batzuk auzotarrak izateaz gain, taldea Mutriku Rock Kolektibokoa da eta beti saiatzen gara herrikoei ere lekua egiten. Horrez gain, Joxe Replay-k giroa ipiniko du”.
Beraz, osagarri horiekin guztiekin eta Samikollako auzotarrei falta ez zaien gatz eta piperrarekin, girorik ez da faltako.
[IAZKO ARGAZKI GALERIA]