Jaietako azken eguna izan zuten atzo, lekeitiarrek. Urtero modura, Anterori agur esan, eta
Koittadua abestuz amaitu zituzten jaiak, Aittitta Makurra txarangarekin kalejiran.
Txalapartarien kalejiragaz hasi zuten eguna, eta umeen eta aittitta-amumen omenezko mezaren ondoren, umeentzako jokoak egon ziren, plazan.
Atzo izan zuten bai eta ere herriko nagusiek jaien baitan egiten duten bazkaria. Beste behin ere, Egaña jatetxean bildu ziren Lekeitioko nagusiak, jatordu atseginean.
Deabrukeriak
Gauerako prestatzen joan behar zela eta, marmu tailerrak egon ziren parkean, arratsaldean. Gaztetxoek margotu zieten aurpegiak txikiagoei. Aurpegia zuri eta begi ingurua more. Izara zuriak moztu, buruak sartzeko modura eta gerrikoa eginda, prest zeuden marmo mozorroak, kalejirarako.
Umeak aurpegiak margotzen marmo mozorrotzeko.
Lekittoko Deabruekin deabrukeriak egiten ibili ziren, gero, ume eta ez horren umeak herrian zehar. Lekittoko Txosnak antolatuta, Ikara Musikatuak eskaini zuen Lekeitioko taldeak. Parkeko gunean batu ziren denak deabrukeriak egiteko eta kalejiran atera ziren ostean, jendea beldurtzeko.
Lekittoko Deabruekin Ikara musikatuak.
Suzko zezenaren ondoren ezkutatu zen Antero elizako kanpandorrean, eta kandela eta zuzien argipean egin zuten jaietako azken ibilaldia lekeitiarrek.