Bihar irtengo du espetxetik Andoni Gabiola ‘Toñua’ lekeitiarrak
36 urte erbesteratuta edo preso egon ondoren, bere herrira, Lekeitiora, helduko da bihar [irailak 15], Andoni Gabiola Toñua. Azken hamabi urteak igaro dituen Badajozeko espetxe aurrean egingo diote lehen harrera senideek, eta gauean, berriz, ongietorria egingo diote Lekeitioko Eskolapean.
1980 urtean alde egin zuen Andoni Gabiolak Lekeitiotik, beste gazte batzuekin batera. Iparraldean iheslari zenbilela bost urteko bi kondena ezarri zizkioten Frantzian, auzi-ihesean epaitua izan zelarik.
2001eko otsailaren 1ean atxilotu zuten lekeitiarra Arudyn, Pirineo Atlantikoetan, eta berriz ere epaitu ondoren, 4 urtera murriztu zioten kondena.
18 hilabete bete zituen Andoni Gabiolak La Sante, Fresnes eta Uzercheko kartzeletan 2002ko irailaren 15ean Espainiara estraditatu zutenera arte, Emiliano Revillaren bahiketa eta «erakunde terroristako kide» izatea egotzita.
12 urte Badajozen preso
Hamalau urte bete ditu Espainiako kartzeletan Gabiolak. Madrilgo Soto del Realen urtebete, Aranjuezen beste urtebete eta azken hamabiak Badajozen.
16 urteko espetxe zigorra osorik bete ondoren irtengo du espetxetik, bihar goizean.