Bigarren urtez jarraian, Markina-Xemeingo BTT Martxa egongo da urriaren 1ean, Arretxinagan. Markinako, Amalloko eta Arretxinagako BTT martxek bat eginda sortu zuten iaz, eta Lea-Artibaiko paraje ezberdinetatik igaroko da aurten ere.
Adin tarte guztiei begira, bost aukera ezberdin eskaintzen ditu, oraingoan ere, martxak:
68 kilometroko ibilbide luze-luzea,
44 kilometroko ibilbide luzea,
26 kilometroko ibilbide ertaina,
17 kilometroko ibilbide motza, eta batez ere txikienei zuzenduta dagoen
4 edo 6 kilometroko ibilbide motz-motza.
Arretxinagako BTT martxa, Lea ibilbidetik, Aulesti parean.
Arretxinagako plazatik irtengo dute parte hartzaile guztiek, baina ordutegi ezberdina egongo da aukeratutako ibilbidearen arabera. Horrela, 68 kilometroko ibilbide luze-luzea egingo dutenak
08:30ean aterako dira errepidera, ibilbide luze, ertain eta motzekoen irteera, berriz,
09:30ean izango da, eta ibilbide motz-motzaren hasiera
11:00etan.
Izen-ematea, aurretik
Markina-Xemeingo BTT Martxan
parte hartzeko, ibilbide motz-motzekoek ezik, izena aldez aurretik eman behar dute beste ibilbide guztietako txirrindulariek. Horretarako
www.kirolprobak.com webgunean eman behar dute izena irailaren 28a baino lehen.
Egunean bertan ere izena eman daitekeela azaldu dute antolatzaileek, baina kopurua mugatuta egongo dela azpimarratu dute. Bestalde, ibilbide motz-motzekoek
bertan egunean eman ahalko dute izena, Arretxinagako plazan aurkituko duten mahaian.
Martxaren egunean bertan emango dute jakitera aurtengo ibilbidea. “Aurretik ez dugu azaldu nahi izaten martxa igarotzen den lurren jabeei aurretik eragozpenik ez sorrarazteko”. Beraz, urriaren 1ean banatuko dituzte profilak eta bidean seinaleak jarrita egongo direla aurreratu dute.
Parte hartzaileentzako
opariak eta dutxak egongo dira.